'Motxo' arrain-ontzia dela eta Deba eta Zumaiako Udalen azalpenak
Gaur, azaroak 9, Iñaki Agirrezabalagak, Zumaiako alkateak, eta Jesus Mari Agirrezabalak, Debako alkateak, prentsaurrekoa eman dute Deban.
Azaroaren 4an, goizaldean, Bermeoko ‘Motxo’ arrantza-ontziak hondoa jo zuen Debako kostaldean, Arantzabekoa baserria zegoen parean, Elorriagatik mendebaldera, BIOTOPO BABESTUA den itsas eremuan, Deba eta Zumaia arteko itsasertzean. Gertaera horren aurrean, Deba eta Zumaiako Udalek adierazpen hau egin nahi dugu:
Lehen-lehenik poza erakutsi nahi dugu ontziko langileen artean eta itsasoko laguntzako kideen artean biktimarik egon ez delako.
Gertakarien inguruan honako hau adierazi nahi dugu:
- Harrituta gaudela, eskuduntza duten agintariek ez digutelako eman zuzeneko informaziorik istripuaren inguruan, ez eta dirudienez orain egitekoak diren ontziaren zatikatze lanen inguruan ere.
- Ez gaudela batere ados ontzia berriro flotarazteko orain arte egin diren ahaleginekin, batez ere, kontuan hartuta geologia eta biologiaren aldetik aberastasun handia duen ingurua dela eta bertako ekosistemak oso ahulak direla. Gaizki iruditu zaigu, esate baterako, berriro flotarazteko lanekin hasi baino lehen gasolioa eta olioa deposituetatik ez ateratzea, edo eta, lan horietan hastea babes hesiak itsasora bota aurretik.
- Kezkatuta gaudela ingurumenean izango diren kalteengatik bai eta biotopo babestuaren barruan eta inguru guztian izan ditzakeen eraginengatik ere.
Horiek horrela izanda, Deba eta Zumaiako Udalen izenean honako hau eskatzen dugu:
- 'Motxo' ontzia lehenbailehen erretiratua izan dadila GFAk eskatzen duen bezala, eta hura erretiratzeko lanetan eskumena duten administrazio guztiek koordinatuta lan egin dezatela.
- Ontzia zatitzeko egin behar diren lanen inguruan, Deba eta Zumaiako Udalok eskumena duten agintariei eskatzen diegu une oro jakinaren gainean eduki gaitzatela.
- Era berean, eremuaren ahultasuna eta daukan ingurumen balioa kontuan hartuta, eskatzen dugu har daitezela hartu beharreko neurriak ingurumenean izango duen eragina arintzeko eta inguruko biodibertsitate aberatsa babesteko.
- Bi Udalok premiazkoa ikusten dugu, “Motxo” erretiratzeko lanak amaitzen direnean, kalteak neurtu ahal izateko ingurumen ebaluazio bat egitea (kalte fisikoak eta faunan, uraren kalitatean… egin direnak), bai eta beharrezko neurriak hartzea ere ahal dela egoera lehenera itzul dadin.
- Aurrerantzean mota honetako istripurik gerta ez dadin beharrezko jotzen dugu:
-
- Gertatutakoa argitzeko ikerketa bat egitea, eta horren baitan, ontzia zertan ari zen ikertu behar da. Gogoratu behar dugu, Arrantzako Legeak berak (212/2000 Dekretuaren 9. artikuluak) debekatzen duela arte txikiekin arrantzan ibiltzea 10 m baino gutxiagoko sakoneratan eta kostatik 100 m baino gutxiagoko distantzian.
-
-
- Behar bezala zehaztu eta bete daitezela jarduera-protokoloak eta horiek garatzeko beharrezko material eta baliabideak egon daitezela.
-
-
- Biotopo Babestuan Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana betearazi dadila Deba eta Zumaia arteko itsasertzean.
9. Hemen azaldutako guztia formalki eskatuko zaie eskumena duten agintariei
Amaitzeko adierazi nahi dugu, Deba eta Zumaiako Udalak eskumena duten agintarien esanetara egongo garela gure esku dagoen guztian laguntzeko.



