Musika Jaialdiaren barruan, Mozarten 'Requiem' obra interpretatuko dute Sapere Aude Sinfoniettak eta San Pedro abesbatzak
Abuztuaren 2an izango da kontzertua, San Pedro parrokian. Ekitaldiak plaza mugatuak izango ditu, eta sarrerak bihar, ostirala, jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan. 42. Musika Jaialdiaren barruan antolatu dute ekitaldia.
Musika klasikoaren historiako obra ezagunenetako bat entzuteko aukera izango du Zumaiak aurki: Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem, Sapere Aude Sinfoniettaren eta San Pedro Abesbatzaren eskutik. Kontzertua Mikel Emezabalek zuzenduko du, eta bi taldeek elkarlanean eskainiko dute obra.
San Pedro parrokian izango da emanaldia, abuztuaren 2an, 20:00etan hasita. Ekitaldiak plaza mugatuak izango ditu, eta, beraz, bertaratu nahi dutenek sarrera aldez aurretik eskuratu beharko dute. Sarrerak bihar, ostirala, jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan, 11:00etatik aurrera, 10 euroan. Pertsona bakoitzak, gehienez, lau sarrera erosi ahal izango ditu. Larunbateko 15:00etatik aurrera, sarrerak entradium.com atarian ere eskuratu ahal izango dira. Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan 12 euroan jarriko dituzte salgai.
42. Musika Jaialdiaren barruan antolatu dute kontzertua; Udalak laster emango ditu jaialdiaren inguruko xehetasun gehiago.
Bi taldeak batera
Proposamenak musika klasikoa Zumaiako publikoarengana hurbiltzea du helburu, herrian bertan kalitatezko kontzertu bat eskaintzeko. Horretarako, esperientzia eta ibilbide zabala duten musikariak eta abeslariak elkartuko dira, errepertorio klasikoaren obra esanguratsuetako bat interpretatzeko.
Kontzertuan parte hartuko duen San Pedro Abesbatza Zumaiako kultur bizitzaren parte da 1984az geroztik. Urte hauetan guztietan, elizako abesbatza izatetik udalerriko kultur erreferenteetako bat izatera igaro da, eta hainbat ekimen eta kontzertutan hartu du parte. Gaur egun Amaia Aldalur da abesbatzaren zuzendaria. Bere errepertorioan euskal musika garaikidea, errepertorio herrikoia eta obra klasikoak uztartzen ditu.
Oraingo honetan, San Pedro Abesbatzak Sapere Aude Sinfoniettarekin bat egingo du. Sinfonietta esperientzia, konpromiso artistikoa eta interpretaziorako bokazioa duten musikari profesionalek osatzen dute. Bere helburuen artean dago musika klasikoa herri eta komunitate txikietara eramatea eta publiko zabalari kalitatezko proposamenak eskaintzea, formatu hurbil eta eskuragarri baten bidez.
Bi taldeak batera arituko dira, beraz, Mikel Emezabalen zuzendaritzapean. Emezabal klarinete-jolea, irakaslea eta zuzendaria da, eta ibilbide profesional zabala du. Interpretazioa, irakaskuntza eta zuzendaritza uztartzen ditu bere jardunean, eta, gaur egun, Andoaingo Musika Bandaren zuzendaria da. Bere ibilbideak musika zuzendaritza eta pedagogia ere biltzen ditu, besteak beste.
Mozarten klasiko bat
Kontzertuaren ardatza Mozarten Requiem izango da, konpositore austriarraren azken lanetako bat eta musika klasikoaren historiako obra ezagunenetako bat. 1791n enkargatu zioten, eta Mozart hil zenean obra amaitu gabe geratu zen. Ondoren, Franz Xaver Süssmayr bere ikasleak amaitu zuen, eta ordutik errepertorio klasikoaren barruan leku nabarmena izan du.



