Mugi bizikleta zerbitzuan neurri berriak ezarri dira
Besteak beste, gauetan zerbitzuaren guneetatik bizikletak jasotzen hasi dira. Hori horrela, zerbitzua goizeko 07:30etatik 22:00etara da erabilgarria orain.
Mugi bizikleta zerbitzuan, azken hilabeteotan, matxura eta hauste asko izan dira. Hori dela eta, Zumaiako Udala neurri berriak hartu beharrean aurkitu da. Sortutako puskatzeak direla-eta, dagoeneko, zenbait neurri jarri dira abian.
Aste honetatik, gauero bizikletak kendu egingo dira bizikleta-guneetatik. Eta, zerbitzuaren ordutegia ere murriztu egin da. Hemendik aurrera, 07:30etatik 22:00ak arte erabili daiteke zerbitzua.
Orain dela hilabete batzuk ere, zerbitzu honen erabilera zuzena egiteko, neurriak hartu behar izan genituen. Orduan, adin txikikoek zerbitzua ezin zutela erabili erabaki zen. Hemendik aurrera, erabiltzaileen jarraipen zehatzagoa egingo da rezikleta enpresaren eta udaltzaingoaren bitartez. Erabili ezin duenen bat zerbitzua erabiltzen harrapatzen bada, neurriak hartuko dira.
Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren zehaztuta dago, eta Zumaiako Udalak betebeharrak ez betetzeak sortuko dituen ondorioak zehazteko ordenantza bat eramango du urriaren bukaerako plenora. Behin hori onartzen bada, arauen hausteak erabiltzaileentzat ondorioak izango ditu.
Mugi zerbitzuan udan eragindako kalteak direla medio, Udalak beste inbertsio bat egin behar izan du zerbitzua mantentzeko. Hemendik aurrera, beste 10 bizikleta berri izango ditu zerbitzuak.
Apustu sendoa
Zumaiako Udalak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egin izan du azken urteotan. Mugi zerbitzua ere horren adierazgarri da. Euskal Herrian herri gutxi dira Mugi bezalako zerbitzua duten herriak. Zumaiako Udaletik behin eta berriro zerbitzu horren alde egiten dugu, zerbitzuaren erabiltzaile gehienek zerbitzu horren erabilera egokia egiten dutelako; eta herritar ugarik erabiltzen dutelako zerbitzu hori.
Zumaiako Udalak zerbitzu horri lotuta asmo eta proiektu berriak ere izan ditu eta baditu esku artean. Hala nola, Donostian dagoen bizikleta sistemarekin Zumaiakoa lotzeko gestioak ere egin izan dira. Zumaiako Udalak apustua sendoa da, baina herritar gutxi batzuen erruz, zerbitzua bera ere kolokan gelditzen ari da. Gaur egun inbertsioak bat bestearen atzetik egin behar baitira zerbitzu honetan. Eta martxa honetan ezin da jarraitu.
Zumaiar guztion ardura da zerbitzu hori zaintzea. Erabiltzaileek erabilera egokia egin besterik ez dute. Norberak bere txartela erabili dezala. Bizikleta-guneetan ondo aparkatuta utzi bizikletak. Eta nola ez, bizikletak zaindu egin behar dira, guztion artean.



