Mugi zerbitzua ez da erabilgarri izango bi astean
Azaroaren 22tik abenduaren 4ra arte ezingo da Mugi zerbitzua erabili. Epe horretan, zerbitzuak dituen matxurak konponduko dira.
Mugi zerbitzu berritua aurtengo abuztuaren 2an jarri zen martxan. Eta herritarrek, erantzun ona eman diote zerbitzu horri. Horren adibide da, gaur egun 800 erabiltzaile inguru daudela alta emanda.Mugi zerbitzu berritua martxan jarri aurretik 551 erabiltzaile zituen. Beraz, hiru hilabete pasatxoak 250 erabiltzaile berri inguruk eman dute alta. Herrian sistema ongi barneratu da, eta erabiltzaile asko izateaz gain, erabilerekin ere gustura gaude. Hau da, zumaiarrek zerbitzuan alta emateaz gain, zerbitzua erabili ere egiten dute.
Erabilerei erreparatuz gero, iazko urrian 1.665 erabilera izan zituen zerbitzuak. Aurten, berriz, 2.900 inguru izan ditu. Beraz, 1.365 erabilera gehiago izan dira epe berdinean. Udala gustura dago herritarrek Mugi zerbitzu berriari emandako erantzunarekin.
Hala ere, erabilera guztiak ez dira egokiak, eta erabilera desegoki horiekin bukatu nahi du Udalak. Hori dela eta, zerbitzuari errepasoa eman eta bizikleta eta puntu guztiak errebisatu eta konpontzeko, azaroaren 22tik abenduaren 4ra bitartean Mugi zerbitzuak ez du funtzionatuko. Hau da, bizikletak kendu egingo dira ohiko puntuetatik. Zerbitzua 15 egunez geldirik egongo da; horren helburua abenduaren 4tik aurrera Mugi zerbitzu egokiago eskaintzea da.
Hala ere, Udalak jakinarazi nahi du abenduaren 4tik aurrera Mugi zerbitzuak erabilera egokiagoa izan dezan neurriak hartuko dituela. Mugi zerbitzuak orain artean izan dituen erabilera desegokiak saihesteko neurri desberdinak aztertzen ari da. Eta, orain artean, zerbitzuak eduki duen bilakaerari erreparatuta hartuko ditu erabakiak. Zerbitzua berriro martxan jartzean jakinaraziko ditu neurri horiek Udalak.



