Mugi zerbitzuaren balorazioa, positiboa

2010/08/20

Abuztuaren 2an jarri zen martxan, 200 erabiltzaile berri ditu, dagoeneko.

 

Abuztuaren 2an jarri zen Mugi zerbitzu berritua martxan, eta ordutik pasatu diren hiru asteetan, 200 erabiltzaile berritik gora egin dira. Gaur egun, guztira, 750 erabiltzaile inguru ditu Mugi zerbitzuak.

Zerbitzu berritua martxan jarri denetik 2.600 aldiz baino gehiago erabili da, eta iaz abuztu osoan izan ziren erabilera kopurua bikoiztu egin da. Beraz, zerbitzu honi ematen zaion erabilera ikusita, herritarrok Mugi zerbitzua gero eta gureago sentitzen dugula esan daiteke; erabiltzaile eta erabilpen kopuruak nabarmen goraka baitoaz. Erabilera kopuru handi hori dela-eta mantenu zerbitzuaren iraupena ere luzatu egin behar izan da.

Hala ere, zerbitzu horren erabilpen okerra egiten duenik ere bada. Hala, 2- 3 giltzarrapo eta beste horrenbeste bizikleta puskatu dira abuztuan. Zumaiako Udalak zerbitzua guztiona dela eta guztion artean zaindu behar dugula azpimarratu nahi du. Denon artean zerbitzu horren erabilera egokia bultzatu behar da, eta bakoitzak berea balitz bezala erabili behar ditu zerbitzuko bizikletak. Izan ere, horrela dira eta; zumaiar guztionak. Beraz, zerbitzu horri orain arteko erabilera maila ematen jarraitzeko animatu nahi ditu herritarrak, horrela irekiko baitzaizkio bide berriak mugikortasun eredu berriari.

Guzti horrez gain, Udalak jakinarazi nahi du, zerbitzu horri ematen zaizkion “erabilera desegokiak saihestu asmoz”, larunbat honetan, Koadrilen egunean, gauez bizikletak kendu egingo dituela ohiko lekuetatik. Euskal Jai egunean ere gauza bera egin zen, eta oraingoan ere, gauza bera egingo da. Larunbat iluntzean kendu egingo dira, eta igande goizean berriro jarriko dira ohiko lekuetan.