Mugikortasuna hobetzeko proposamenak
Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barnean, Zumaiako ikastetxeetako ikasleak izan ziren atzo udaletxeko pleno aretoan. Herriko mugikortasuna hobetzeko hainbat proposamen partekatu zituzten udal ordezkariekin.
Ikasleak izan ziren protagonista atzo goizean udaletxeko pleno aretoan. Eskolako Agenda 21 egitasmmoaren baitan, Maria eta Jose ikastetxeko, Oikiako, Herri Eskolako eta Zumaiako Institutuko ikasleak izan ziren udaletxean, herriko mugikortasun hobetzeko eginda zituzten proposamenak udal ordezkariekin partekatzeko.
Proposamenen artean, honakoak aipatu zituzten ikasleek, besteak beste: bidegorri sarea eraikitzea eta bizikletentzako bideak behar bezala seinaleztatzea, Mugi bizikletak alokairuan hartzeko gune gehiago jartzea, Oikiako eskola-eremua hobeto seinaleztatzea, Zumaiako Erribera kalean espaloiak libre egon daitezen bermatzea, edota mugikortasunari buruzko informazio kanpainak egitea.
Udaleko ordezkari gisa, Iñaki Agirrezabalaga alkateak, Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak eta Aitor Ibarguengoitia Ingurumen teknikariak hartu zuten parte ekitaldian eta ikasleei eskerrak eman zizkieten egindako lanarengatik. Orain, Udalak proposamenen erantzunak igorriko dizkiete, eskoletan azter ditzaten.



