Mugikortasunaren aldeko nazioarteko astean, Udalak Mugi zerbitzua “egoki erabiltzera” deitu ditu herritarrak

2010/09/22

Udala zerbitzuak azken hilabeteotan izandako gorakadarekin “gustura” dagoen arren, “kezkatuta” agertu da azkenaldian gertatu diren triskantzekin.

 

Zumaiako Udalak Mugi zerbitzua indartu zuenetik, goraka egin dute bai erabilera kopuruak eta baita zerbitzuan izan diren izen-emateek ere.  Abuztu hasieratik irailaren 20ra bitartean, %50ko igoera izan da erabiltzaile kopuru totalari erreparatuta (250 erabiltzaile berri), eta guztira, 7.566 mailegu eskaini ditu zerbitzuak. Andoni Etxaniz, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziarentzat, “harrigarria izan da zumaiarrek zerbitzua indartzeari eman dioten erantzuna, eta hilabete bakarrean 200 erabiltzaile berri izatera iritsi gara”. Joan de urteko abuztuan, 1.300 mailegu eskaini zituen Mugik, eta aurtengo abuztuan ia 5.000 izatera iritsi da zifra hori, hirukoiztu egin da kopurua.

“Mugi zerbitzua pixkanaka herriratzen ari da. Herria bere egiten ari da zerbitzua eta berea izango balitz bezala zaintzen hasi beharra dago” dio Etxanizek. Izan ere, Udala “kezkatuta” agertu da azken hilabeteetan zerbitzuak jasan dituen triskantzekin. Bizikleta asko apurtuta agertu dira eta matxura kopuruak nabarmen egin du gora. “Badirudi bizikletak ez direla inorenak, bakarrik konpontzen direla, baina bizikletak guztionak dira eta guztion artean ordaintzen ditugu konponketak” nabarmendu du Ingurumen zinegotziak.

Jazo diren matxura kopuru esanguratsu horrek, “zerbitzuari nabarmen eragin dio” Udaleko ordezkariak aipatu duenez: “Jarrera oker horien ondorioz, bizikleta gutxiago ditugu kaleetan erabilgarri, eta denbora gutxiago dute mantentze-lanetako teknikariek bizikletak leku batetik bestera eraman eta zerbitzua orekatua mantentzeko. Azkenean, matxuren kopuru horrek eragina du zerbitzuaren kalitatean, eta badaukagu zer hobetua guztion artean. Udaltzainen bidez, zerbitzuari jarraipen zuzenagoa ematen ahaleginduko da Udala, eta erabilera okerrak egiten dituztenei izango dituzten ondorioen berri emango zaie".

Guztien elkarlana “beharrezkoa”

Udalak mugikortasun jasangarri bateranzko bidea egiten jarraitu nahi du. “Argi geratzen da Mugi zerbitzuaren potentzialtasuna, eta guztion artean bide berriak eraikitzen ari gara. Baina, horretarako guztien laguntza behar dugu. Herritarrak dira bizikletak MUGIarazten dituztenak eta egoera ez bada aldatzen, Mugi zerbitzuaren biziraupena kolokan egongo da". 

Trizikloak aurki izango dira erabilgarri

Udaleko ordezkariak azaldu duenez, aurki jarriko dituzte trizikloak ere erabilgarri: “Orain artean, bilakaera ikusten aritu gara, izan ere, bizikletak baino garestiagoak dira trizikloak”. Bost triziklo ditu guztira Udalak eta garraiobide hauek erabili nahi dituztenen zerrendak orain irekiko dira. “Izen-emateak kopuru jakin batera iristen direnean, kalean jarriko ditugu trizikloak” dio Etxanizek. Pertsona nagusiek edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonek erabili ahal izango dituzte trizikloak eta Narruondo ezik, beste gune guztietan jarriko dituzte.

Mugikortasunaren aldeko nazioarteko astean murgilduta gauden honetan, Udalak mugikortasun eredu berri bateranzko urratsak egiten jarraituko duela aipatu du.

Kontsultatu hemen Mugi zerbitzuaren inguruan joan den ekaineko Zumaia Zu udal aldizkarian kaleratu zen erreportajea.