Munduko kulturez beteko da Gaztegunea

2010/11/22

Gaurtik ostirala bitartean Aste Multikulturala egingo dute.

 

Zumaiako Gazteguneak  antolatzen duen hirugarren Aste Multikulturala egingo da gaurtik ostirala bitartean. Aste horren helburuetako bat Gaztegunea beste kulturetako jendeari irekitzea eta ezagutzera ematea da. Era horretara, elkarbizitza eta kontzientzia multikulturala bultzatzea eta sortzea nahi da.

Interkulturalitatearekin lan egiten duten herriko beste elkarte eta eragileekin harremanetan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dute aste honen bidez. Horretarako, aste osoan ekintza eta tailer desberdinak egingo dira gaztegunean: munduko sukaldaritza, dantza tailerra, tinbal tailerra, eskulanen erakusketa ...

Asteari bukaera emateko Kofradia Plazan festa egingo dute. Bertan postu bat egongo da  eta txokolate bero-beroa salduko dute  "arepa eta torta frijituekin" jateko. Hor ateratzen duten dirua beste lurraldeetan lan egiten duen elkarte bati emango diote, gazteek beste lurraldeetako errealitateak ikus ditzaten eta kontzientzia hartu dezaten. Festa bukatzeko, Hip Hop kontzertu bat izango da "HERNI & TALI "  taldearekin, eta Break Dance erakustaldi bat  ere izango da.