Musika eskola, banda eta Udala elkarrekin metaleria indartzeko ekimenean
Zumaiako Musika Eskolak, Udal Musika Bandak eta Udalak elkarlanean abian jarriko duten ekimen baten berri eman dute gaur (apirilak 28, asteartea) Ubillos Jauregian egin duten agerraldian. Azken hamabost urteetan metal instrumentuen ikasketa beheraka joan dela-eta, arlo hori indartzeko hainbat ekimen jarriko dituzte abian hiru eragileek.
Ibon Manterola Udal Musika Bandako lehendakariak azaldu duenez, “bi helburu nagusi” lortu nahi dituzte ekimen honen bidez: batetik, metaleriaren irakaskuntza normalizatu nahi da. “Metalezko instrumentuak gauza arraro gisa ikusten dira gaur egun eta egoera horri buelta eman nahi zaio”, dio Manterolak. Bestetik, Zumaiako musika taldeetan metal instrumentuen presentzia areagotzea lortu nahi da. Bandako lehendakariaren ustez, “ska talderik ez dago, adibidez Zumaian, tronpeta inork ikasten ez duelako”.
Aipatutako helburu horietara iristeko, hainbat ekintza zehaztuta dituzte dagoeneko. Instrumentuen arteko rotazio edo txandatze bereziak egingo dituzte adibidez datorren kurtsoan: “ikasleak bigarren instrumentu bat ikasi nahi badu eta metala aukeratzen badu, diru-laguntzak emango zaizkio”. Manterolak azaldu duenez, “inbertsio ona da jendeak bigarren instrumentuak ikastea. Izan ere, aurrez beste tresna bat ikasten ibilia den pertsonak epe motzagoan egiten du aurrera eta lehenago iristen dira emaitzak”.
Horrez gain, aurten, ate irekien jardunaldi bat egingo dutela jakinarazi du Susana Plumed Bandako zuzendari eta Tronpa eta Tronpeta irakasleak. Maiatzeko lehenengo asteburuaren bueltan izango da saio hori.
Udaberriko Metal Ikastaroa
Ildo beretik, ikastaro bat ere antolatu du Musika Bandak, Musika Eskola eta Udalarekin elkarlanean: Udaberriko Metal Ikastaroa. Metaleko instrumentuak ezagutarazi nahi dira ikastaro horren bidez. Kurtsoa diseinatzerako orduan, nagusiki Klarinete Maratoiaren dinamikan oinarritu direla esan du Manterolak: “ekimen hark erantzun oso ona izan zuen eta Bandari begiratu besterik ez dago emaitzak ikusteko”. Sakanako Musika Bandako zuzendari eta Gasteizko Bandako tuba jotzaile den Luis Orduñak eskainiko du kurtsoa. Orduñak ere parte hartu du aurkezpenean eta esan duenez, “espezialak” dira Zumaiako Musika Bandakoak: “hain arkaikoa dirudien banden mundu honetan, beti ideia harrigarriekin etortzen dira hemengoak”. Ekainaren 3an, 6an eta 20an izango dira saioak, eta 21an, Musikaren Nazioarteko egunean, kontzertua eskainiko dute, ikastaroa borobiltzeko.
Eskola, Banda eta Udala, elkarren eskutik
Manterolarentzat “poztekoa” da Banda, Musika Eskola eta Udala elkarren eskutik aritzea. “Emaitza positiboa izango da, denak norabide berdinean ari garelako”, gaineratu du. Pili Etxabe kultura zinegotziak ere ildo beretik hitz egin du: “sinergia hau aprobetxatuz, herritarrak animatzea falta da orain”.
Maiatzaren 4an matrikulazioa Musika Eskolan
Musika Eskolako zuzendari Sofia Oriak jakitera eman duenez, maiatzaren 4an irekiko da Musika Eskolan matrikulazio epea eta maiatzaren 24era arte egongo da zabalik. Aurtengo kurtsoan hainbat berrikuntza izango direla gaineratu du: zailtasunak dituztenei zuzendutako musikoterapia, ahots teknika lantzeko ikastaroa, antzerkia, txalaparta ikastaroa… Horretaz aparte, helduentzako eskaintza areagotu egingo dutela esan du: “Musika Eskolatik arte espresio ezberdinak landu nahi ditugu”.



