Musika Eskolaren sorrera

2015/12/03

Nozi sortuz en Musika Eskola? Zein helbururekin? Oraingoan, hori argitzeko asmotan ibili gara artxiboko dokumentu zaharren artean. Hemen bilatu ditugun datuak.

 

Zumaiako Musika Eskolaren sorrerak lotura estua du Udal Bandaren sorrerarekin. Tarte honetan, aurreko urteko azaroan kaleratuta artikuluan, bandaren sorreraren inguruan idatzi genuen. Artxiboan aurkitutako 1885. urteko dokumentazioak Udal Bandaren eta Udal Orkestraren sorreraren berri eman zigun. Musika banda osatzeko, ordea, musika heziketa jasotako pertsonak behar ziren. Hori izan zen Musika Eskola sortzearen arrazoi nagusiena.

 

Udal artxiboan 1887an idatzitako Musika Eskolaren araudia gordetzen da. Dokumentu horrek eskolaren funtzionamenduaren inguruko informazio ugari eskaintzen du. Udal Musika Eskola publikoa izanda, Zumaiako gazteen artean musika hezkuntza suspertzea zuen helburu. Hasierako urteetan, idazten eta irakurtzen zekien 9 urtetik gorako herriko edozein haur edo herriko gaztek ema zezakeen izena.

 

Eskolaren gaineko erabakiak eta sortutako gastuak Udalaren esku zeuden. Udalarena zen, baita ere, eskolako maisu eta zuzendaria izendatzeko oposaketak burutzeko ardura.  Eskolaren sorreratik aurrera, Musika Eskolako zuzendaria eta Udal Bandaren zuzendaria pertsona bera izatea adostu zen. Datu horrek argi uzten du bi erakundeen arteko erlazio estua. Beraz, zuzendariak, eskola eta bandaren araudia zorrotz betetzeko beharra zuen. Eskolako maisu eta zuzendari eta Udal Bandaren zuzendari, kargu guztiak pertsona berdin batean. Honek, beraz, solfeoko eta musika tresnen klaseak emateko, bandaren entseguak egiteko, Musika Eskola zuzentzeko eta Udal Bandak eskainitako emanaldiak zuzentzeko beharra zuen; abesbatza ere aipatzen da tartean. Guzti honetaz gain, ikasi eta jo beharreko musika pieza eta kantak konpondu eta konposatzeko, Musika Eskolak eta Bandak zituen instrumentu eta partituren kontua eramateko eta ikasleen bilakaeraren inguruko txostenak udalari aurkezteko ardura zuen. Guztia urteko 3000 errealen truke.

 

Musika Eskolako ikasketak doakoak ziren eta bi arlotan banatzen ziren: solfeo eta musika tresna. Lehen ikasketak solfeokoak izaten ziren eta, behin horiek gaindituta, ikasleari maisuak egokien zeritzon musika tresna jotzeko aukera ematen zitzaion. Musika tresnaren hautaketa Udal Bandaren beharren arabera egiten zen, ezin bait dugu ahaztu musika heziketaren helburuetako bat banda osatzeko gazteak prestatzea zela. Ikasketak urrian hasi eta ekainarekin batera amaitzen ziren. Arlo bakoitzeko bi ordu eskaintzen ziren egunean eta urtean lau azterketa pribatu eta azken azterketa publiko bat egiten ziren. Azterketa publikoan gailentzen ziren ikasleak sarituak izaten ziren.

 

1921. urtean Musika Eskolako araudian zenbait berrikuntza txiki gehitu ziren, baina funtsean 1887an ezarritako artikuluak betetzen jarraitu ziren. Aldaketak albo batera utziz, eskolaren helburua berdina izaten jarraitu zuen eta, onartu beharra dago, erakunde honi esker Zumaiako haur eta gazteek kalitatezko musika heziketa jasotzeko aukera izan zutela eta Zumaiak duen musika aniztasun eta aberastasunaren hazia izan zela.

 

Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)

 

*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatuhemen.