Musika Jaialdia azken txanpan sartu da

2010/08/09

Bihar, asteartea, Ruht Palmer-en biolin kontzertua izango da entzungai.

 

Azken txanpan sartu da aurtengo Musika Jaialdia. Musikaz beteriko asteburuaren ondoren, gaur ez da kontzerturik izango, baina bihar iluntzean Ruht Palmer  biolin-jolearen kontzertua izango da komentuan. 

Asteazkenean, berriz, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin batera Done Jakue bideko erromeria egingo dute Askizu auzotik hasita. Askizun 10:00etan hasiko dira Getariako txistulariekin. 10:30ak aldera, Zuloagara iritsiko dira, eta bertan Beheko Plaza Abesbatzak abesti batzuk kantatuko ditu. Handik, Arritokietarako bidea hartuko dute, eta han, Zumaiako Klarinete talde gaztearen saioa entzuteko aukera izango da. Erromeriari Elorriagan emango zaio bukaera Debako gaiteroekin.

Iluntzean, 22:00etan, Alia Mvsivaren Peregrinatiok emango dio bukaera aurtengo Musika Jaialdiari.

Chris Botti, udazkenean

Abuzttuaren 2an Chris Bottiren kontzertuaren proiekzioa atzeratu beharra izan zen eguraldi txarra medio. Eguraldiak hobera ez duela egin ikusita, kontzertuaren proiekzioa udazkenera atzeratzea erabaki da. Udazkenean jakinaraziko da, noiz eta non eskainiko den emanaldi hori.