Musika Jaialdiko egitaraua mugikorrean jaso ahal izango da asteazkenetik aurrera

2009/07/28

Bluetooth teknologiaren bidez eskainiko da zerbitzua eta abuztuaren 12a bitartean egongo da erabilgarri.

 

Musika Jaialdiko egitarauaz gain, abuztu osorako prestatuta dagoen programazio osoa ere mugikorrean jaso ahal izango da. Udalak abiatu du ekimena eta Bluetooth teknologiaren bitartez egingo denez, zerbitzua doakoa izango da. Datorren asteazkenetik abuztuaren 12a bitartean egongo da zerbitzua erabilgarri.

Horretarako bi antena kokatuko dira. Hasiera batean, bat Oxford-en kokatzeko asmoa bazen ere, egiten ari dien lanak direla eta, Xirula dendan jarriko dute (Erribera kalean). Bestea, aurreikusita bezala, Turismo Bulegoan egongo da. Eremu horien inguruan, eta antenatik 10 metroko distantziaren barruan kokatu beharko da lehenengo. Mugikorrean Bluetooth-a piztu behako da, gero, eta segundo batzuk itxaron ostean, jasotako mezua baieztatu egin beharko da. Musika Jaialdiko eta abuztuko programazioa deskargatuko zaizu segidan mugikorrean.


Zerbitzua erabiltzeko jarraibideak:

1- Piztu Bluetooth-a mugikorrean

2- Itxaron segundo batzuk

3- Baieztatu mezua eta jaitsi jaien egitaraua

4- Pasahitza eskatzen badizu: 1111 edo 0000

5- Mugikorraren ereduaren arabera gordeko zaizu


Berbena Eguna

Abuztuaren 1an, larunbata, ekingo zaio Berbena Egunari. Orduantxe abiatuko da baita ere, Zumaiako Musika Jaialdia. Aurten, Beheko plazan egiten ari diren lanak direla-eta aldaketa batzuk izango dira Berbena Egunaren kokalekuan. Udalak kamioi diskoteka bat alokatu du festa girotzeko. Cherry Boopers taldearen emanaldiak emango dio hasiera Berbena Gauari eta Musika Jaialdia ere ekimen horrekin abiatuko da.