Muxin eta Zapotxinen emanaldiarekin abiatuko da udazkeneko arte eszenikoen eskaintza

2026/10/08

Pailazoek igandean eskainiko dute emanaldi bikoitza Aita Mariko zine aretoan. Sarrera gutxi batzuk gelditzen dira bi saioetarako. Abendura artean, haurrei nahiz helduei zuzendutako eta beste bost emanaldi izango dira herrian.

Arte eszenikoen programazio zabala prest du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak datozen asteetarako. Muxin eta Zapotxin pailazoen emanaldi bikoitzarekin abiatuko da programazioa asteburu honetan, eta abendura artean, antzerkiaz, dantzaz nahiz bestelako emanaldiez gozatzeko aukera izango da Aita Mariko zine aretoan.AntzerkienKARTELA udazkena 2026(1).png

Igandean 12:00etan eta 16:30ean igoko dira Muxin eta Zapotxin Aita Mariko oholtza gainera. Zumaian eskainiko dituzten bi emanaldietarako sarrerak agortzear dira; sarrerakzumaia.eus atarian eros daitezke geratzen direnak. Libe Yeregi zumaiarra sartuko da Muxinen azalean, eta Zapotxinekin eta Amona Mirentxurekin batera baserriko lanak eta animaliak ezagutuko ditu. Aurrez ere Zapotxin antzerki taldearekin aritua da Yeregi, Baratxuri zoparen sekretua ikuskizunean, hain zuzen. Lau pertsonaia antzezten zituen ikuskizun hartako zuzenekoetan.

Haurrentzako ez ezik, helduentzako ere izango da zer gozatua: urriaren 23an, ostirala, Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana taularatuko du Ttanttaka teatroak. Tragikomedia bat da, eta hainbat gairen inguruan hausnartzen du lau pertsonaien bidez: bakardadeaz, ezintasunaz, bizitzen jarraitu ahal izateko janzten ditugun maskarez, buruko gaixotasunez nahiz desamodioaz. 

Azaroaren 9an, Benetan Be teatroak Bidutzi emanaldia taularatuko du haurrentzat. Hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako ikuskizuna da, eta elkarrekin beldurtzera jolastuko dute: bizitzaren atal batetik bestera igarotzerakoan oldartzen diren beldurretarantz zuzenduko dute linterna, eta elkarren eskutik helduta barre ere egingo dute.

Vidania teatoroaren 7 urte helduentzako antzerkia azaroaren 27an ikusi ahal izango da Aita Marin. Iruzur fiskalagatik atxilotu dituzten lau lankideren bitartez, erruaz eta kartzelaz egingo dute gogoeta kontakizunaren bitartez.

Emanaldietako bat Komentura eraman dute: Myriam Perez Kazabonen eskutik, dantza eta literatura uztartzen dituen ikuskizuna izango da abenduaren 13an han. Koreografoa, dantzaria eta pedagogoa da Perez, eta hainbat diziplina gurutzatzen ditu emanaldietan.

Haurrei zuzendu diete programazioko azken emanaldia ere. Naita produkzioak taldeak Ama, amama eta mamuak! ekarriko du Zumaiara, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ikuskizuna, eta haren bitartez, bizitzaren zikloaz, mamuez, amaz eta oroitzapenez ariko dira.