Nao Victoriak irabazi du aurtengo Pintxo Lehiaketa

2009/06/22

Herritarren saria Kresala tabernako pintxoarentzat izan da; euskara saria, berriz, Itzurun tabernako ‘Itsas-behera’ pintxoak jaso du.

 

Nao Victoria tabernako ‘Baietz zikindu’ pintxoak irabazi du Zumaiako IV. Pintxo Lehiaketa. Atzo (ekainak 21, igandea) egin zen Pintxo Lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Herritarren saria Kresala tabernak jaso zuen eta ‘euskara goxoa’ saria, berriz, Itzurun tabernako ‘Itsas-behera’ pintxoarentzat izan da.

Epai-mahaikideen arabera, guztien artetik pintxo onena aukeratzea "ez da lan erraza" izan, baina "teknikoki zituen berezitasunengatik" Nao Victoriako ‘Baietz zikindu’ pintxoak lortu du lehenengo postua 52 punturekin; Itzurun taberna izan da bigarrena 51 punturekin; eta Kresala hirugarren sailkatu da, 47 punturekin.

Herritarren saria Kresala tabernarentzat izan da aurten ere. Denera, 1.376 herritarren boto zenbatu dira eta horietatik 549 jaso ditu Kresalako pintxoak. 

 

Sarituak

Izen politena ‘Itsas-behera’

Aurten lehendabizikoz banatu da ‘euskara goxoa’ saria Udaleko Euskara Sailak bultzatuta. “Izen politena” zuelako eta “erabilitako osagaiekin bat zetorrelako” Itzurun tabernako ‘Itsas-behera’ pintxoa izan da ‘euskara goxoa’ sariaren irabazlea.