Narruondorainoko pasabidea eta bidegorria abian dira
Lehen faseko lanak esleitu dira, eta ekainean hasiko dira.
Narruondoraino egin nahi den oinezkoentzako pasabidearen eta bidegorriaren lehen faseko lanak esleitu dira. Fase horretan, Txikierdiko biribilgurenainoko lanak egingo ditu Zumaiako Udalak. Lehen fase horretako lanak, laster hasiko dira, ekainean. Bigarren fasea, Txikierditik Narruondorainokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiteko konpromisoa hartua du, eta 2012an obrak hasteko asmoa du.
Lehen faseko obrak Kakueta enpresak egingo ditu, eta guztira 572.000 euroko inbertsioa izango da Zumaiako Udalarentzat. Laster hasiko diren obra horien bidez, oinezkoen pasabidea eta bidegorria egiteaz gain, auzo horretarako ur hornidura hobetuko da. Eta orain artean iristen ez ziren gas eta zuntz optikoaren hornidura ezarriko da. Horrela, auzo horrek urte askoan pairatu dituen gabezietako batzuk bideratuko ditu Zumaiako Udalak.
"Urte askoan bertako bizilagunek gero eta ibilgailu gehiagok beterik dabilen errepidetik igaro behar izan dute. Bai Zumaiara etortzeko, eta baita, auzoaren alde batetik bestera pasatzeko ere. Igarobide berri horrekin, oinezkoak eta bidegorriak errepidea zeharkatu beharrik gabe, Narruondotik Zumaiako erdigunera etortzeko modu segurua egongo da", azaltzen du Andoni Etxaniz Hirigintza batzordeburuak. Auzo horretako bizilagunek egindako eskaerei erantzuna emateko egingo dira oinezkoentzako pasabidea eta bidegorria. Proiektu horren bidez, zerbitzu berriak emateaz gain, bideko segurtasuna ere hobetuko da.



