Nerea Arrien, Maite Arruti eta Nerea Eizagirre dira Julene Azpeitia 32. ipuin lehiaketako saridunak

2019/11/21

Aurten 60 lan aurkeztu dira, inoizkorik gehien, horietatik 6 zumaiarrek idatzitakoak. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 28an egingo da, Euskararen Astearen barruan.

Urriaren amaieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren Ana Urkiza, Castillo Suarez eta Josu Waliño idazleak; idazkari lanak Udaleko euskara teknikariak egin zituen, botorik gabe. Aurten 60 lan aurkeztu dira, inoizkorik gehien, horietatik 6 zumaiarrek idatzitakoak.

Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak honako hauek direla erabaki dute epaimahaikideek:

1. saria, 3.000 eurokoa, Nerea Arrien Elordik eskuratu du KAXARRANKA ipuinari esker. Nereak lehenengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da irakurlea harrapatzen duen ipuina delako, erritmo bizi bizia du, esaldi labur eta zehatzekin lortzen duena autoreak behin ere erori gabe. Deskribapenak ere oso onak dira, horiei esker irakurlea erraz sartzen da atmosferan, giroa oso lortua dago. Irrika sortzen du eta espektatibak betetzen ditu, oso ipuin originala da.

2. saria, 1.500 eurokoa, Maite Arruti Arakistainek irabazi du TOXIKOA lanarekin. Ipuin honek harremanei buruz hitz egiten du, psikologiatik asko du, ispilu lanak egiten ditu, oso ondo landutako jokoa erakusten du. Estiloa eta tonua oso finak dira, tentsioa mantentzen du eta jakin-mina pizten du. Hasieratik bukaeraraino erakargarria da.

Azkenik, Zumaiako onenaren saria, 1.000 eurokoa, Nerea Eizagirre Telleriarentzat izan da, ZURI ipuinagatik. Interes handia pizten duela iritzi dio epaimahaiak, deserria ageri da, gutxi landutako gaia. Pertsonaiak oso ondo identifikatzen dira egiten dutenarekin, eguneroko gauza txikienetan egoki deskribatuta daude. Eta oso ongi bukatua dago ipuina.

Sari banaketa ekitaldia

Sari banaketa ekitaldia Euskararen Astearen barruan egingo da, azaroaren 28an, ostegunean, 19:00etan, Alondegiko Oxford aretoan. Ondoren, Maite Larburuk musika emanaldia eskainiko du, “Hezurren azpian” lanean oinarritutakoa. Ekitaldi irekia izango da eta literaturazaleak nahiz musikazaleak gonbidatuta daude bertan parte hartzera.