Nicholas Angelichen kontzertuak itxiko du bihar (larunbata) Musika Jaialdia

2011/08/12

AEBetako piano joleak 22:00etan emango du kontzertua, Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean antolatutako kontzertua da, eta aurtengo Musika Jaialdiko azkena izango da. Orotara hamahiru ekitaldi izan ditu aurtengo Musika Jaialdiak, tartean zuzeneko kontzertuak, hitzaldiak eta proiekzioak.

Bihar (larunbata) amaituko da aurtengo Musika Jaialdia. Bi asteko egitarau oparoari agur esateko, gainera, luxuzko kontzertua izango da: Nicholas Angelich AEBetako piano jolearena. Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean antolatu da kontzertua

1970ean sortua, amarekin hasi zen pianoa ikasten Angelich, eta zazpi urte zituela eman zuen lehenengo kontzertua. Hamahiru urte zituela, Parisko Kontserbatorioan sartu zen, eta ondoren, ikasketak osatu zituen Marie-Françoise Bucquet, Leon Fleischer eta Maria João Pires-ekin. Sariak irabazi zituen R. Casadesus, G. Bachauer eta U. Micheli lehiaketetan. 2002an Talentu Gaztearen Saria irabazi zuen Ruhr-eko Jaialdian. Orain dela gutxi, Frantziako Orkestra Nazionalarekin eta Marc Minkowski-rekin batera jardun du, eta baita France Irratiko Filarmonikoarekin eta Paavo Järvi-rekin ere. 2003an egin zuen debuta Lincoln Center-en New Yorkeko Filarmonikoarekin, Kurt Masurren zuzendaritzapean, eta 2004an bira bat egin zuen Japonian barrena zuzendari horrekin berarekin eta Frantziako Orkestra Nazionalarekin. Errezitalen errepertorioan Beethoven eta Liszten lanak sartzen dira, baina baita Bartóketik Boulezera bitarteko musikagileenak eta Messiaenetik Pierre Henry-ra bitartekoenak ere; azken horrek bere Pianorako kontzertua orkestrarik gabe lana eskaini zion. Ganbera-musikaren zaletasunaren eraginez, G. eta R. Capuçon, A. Dournai, G. Caussé-rekin eta Ysaÿe eta Prazak Laukoteekin lan egin du. Virgin Classics diskoetxearentzat egindako grabazioek jasotako sarien artean aipatzekoak dira Preis der Deutschen Schallplattenkritik, Diapason d’Or, Choc du Monde de la Musique eta Gramophone’s Editor Choice sariak.

Maria eta Jose ikastetxeko aretoan emango du kontzertua Nicholas Angelichek. Aurtengo jaialdiko hamahirugarren ekitaldia izango da. Aurten ere jende ugari izan da ekitaldietan.