Oboe ikastaroan izena emateko azken egunak
Izen emateko epea abenduaren 22an bukatuko da.
Musika Patronatuaren baitan Zumaiako Musika Bandaren eta Musika eta Dantza Eskolaren elkarlanari esker, oboe ikastaroa antolatu da datorren urterako. Ikastaroa datorren urtarrilaren 10etik aurrera izango da, eta matrikulazio epea azken egunetan da; abenduaren 22a arte izango da zabalik.
Musika Eskola oso gutxitan izaten da Oboea ikasteko aukera, eta Musika Bandetan ez da oso ohikoa oboe-joleak ikustea. Horregatik, Udal Musika Patronatuaren, Musika Bandaren eta Musika eta Dantza Eskolaren elkarlanaren ondorioz, Zumaian aukera berri bat zabaldu nahi da eskaintza berri honekin.
Oboea jotzen ikasteko interesa izan dezakeen edonori zuzenduta dago ikastaro hau: haur, gazte zein heldu; musikan arituak direnak eta batere aritu gabeak... deialdia guztiz irekia da.
Irakaslea Joxe Mari Azkue izango da. Zumaiarra bera, azken 10 bat urtean Londresen ibili da, oboeko klaseak ematen eta hainbat eta hainbat orkestra eta ganbera-taldetan jotzen.



