Odietako etxebizitzen eta Beheko Plazako garajeen proiektuetan aldaketak izango dira

2009/10/29

Garajeen egitasmorako aurreikusita zegoen exekuzio sistemaren kostua “nabarmen” jaitsiko da proiektu berriaren baitan, eta Odieta-San Joseko etxebizitzen proiektua, berriz, Zumaiako arauetara egokituko da.

 

Zumaiako Udalak Odieta eta Eusebio Gurrutxaga edo Beheko Plaza inguruetarako aurreikusitako proiektuetan aldaketak izango dira. Proiektuak zituen gabeziak zuzenduko dira Odietako etxebizitzen kasuan; Beheko Plazako garajeei dagokionean, berriz, aldatu egingo da exekuzio sistema, "zuen koste altuagatik".

2009ko uztailean egindako Zumaia Lantzenen Administrazio Kontseiluan erabaki zen Odietako lanen zuzendaritza lehiaketa publiko bidez esleitzea; udal gobernuak azaldu duenez, “2005eko irailaren 29an egin ez bezala. Orduan, eta inolako legezko prozedurarik jarraitu gabe, eta inon ordainketak eta gainerako informazioak azaldu gabe, udal-arkitektoei eman zitzaizkien lan horiek zuzentzeko ardura”.

Hori zuzendu asmoz eta Zumaia Lantzenen Administrazio Kontseiluan erabakita, esleitu zen lehiaketa publiko bidez proiektua. Zuzendaritza talde berriak, zenbait akats aurkitu ditu proiektuaren baitan. Udal gobernuko kideen hitzetan, “lanen zuzendari berriek adierazi zutenez, Zumaiako Udalak sustatu eta exekuziorako lizentzia emana zion proiektu batek ez zituen betetzen Zumaiako Udaleko Arau Ordezkatzaileak”. Beste behin ere, “arazoari irtenbidea eman beharrean” aurkitu dela dio udal gobernuak: “orain arte legearen kontrako gauza asko egin ditu Zumaiako Udalak, eta guri [gobernu berriari], orain, horiek legeztatzea tokatu zaigu, ondoren egingo diren lanek berme guztiak eduki ditzaten”.

Odietako etxejabeei arazoaren berri eman dietela esan du Iñaki Agirrezabalaga alkateak, eta soluzioa esku artean izan arte itxaron dutela kontu hau kaleratzeko. Izan ere, soluzioa izango du proiektuak, baina horretarako herriko arau ordezkatzaileetara egokitu beharko dute lehendabizi egitasmoa. Hala, 2009ko irailaren 16ko Zumaia Lantzenen Administrazio Kontseiluan erabaki zen Odietako 25 etxebizitzen exekuzio proiektua Zumaiako Arauetara egokitzeko lanak esleitzea obra zuzendaritza berriari; Talde Mistoak, EAk, EB-Aralarrek eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EAJ-PNV abstenitu egin zen.

 

Azalera berdinean etxebizitza bat gehiago


Eremu horretako birpartzelazio proiektuari behin-betiko onarpena eman zaio jada eta azaroan bertan bukatuko dira egokitze lan horiek. Azalera berdinean etxebizitza bat gehiago egin ahal izango da. Aurreko proiektuak duplexak egitea aurreikusten zuen eta udal gobernuak hori aldatu duelako lortu da etxebizitza bat gehiago. Urtea bukatu baino lehen lanak berriro abian izatea aurreikusten du Udalak: “oraingo honetan berme guztiekin hasiko ditugu lanak, arau guztiak beteta eta onartu beharreko proiektu guztiak onartuta”. 

 

Odieta

Beheko plazako garajeak


Udala eremu horretan aurrera eramaten ari den bigarren proiektuak ere zenbait aldaketa izango ditu. Beheko Plazako garajeak egiteko proiektua duela urte batzuetatik idatzita dago; idatzita dagoen proiektua, ordea, ez da ekonomikoki bideragarria udal gobernuaren ustez: “proiektu hau exekutatzearen kostuak 8 milioi euroak gainditzen ditu, azken azterketen arabera, ez da beharrezkoa hainbeste diru xahutzea, garajeak egiteko beste aukera batzuk egon badaudenean”. Hasierako aurreikuspenen arabera erabiliko litzatekeen sistema merkatuan dagoen garestienetako bat da eta hori aldatuko da. Proiektuan egingo den aldaketak 1,6 milioi euroko aurrezpena ekarriko dio Udalari.

Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “Zumaiak behar duen garajeen proiektua egiteko ez dago 8 milioi gastatu beharrik eta horregatik, idatzita dagoen proiektua moldatu badaiteke moldatuko dugu, eta ezin bada, proiektu berri bat idatzi beharko dugu. Zumaiarren beharrak aseko ditugu, baina ez gaude prest behar baino gehiago ordaintzeko, are gutxiago behar ez denean”. Datorren urtean jada, hasita izango dira Beheko plazako garajeen lanak.