Ogia ere euskaraz
Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko janari-dendetan kartelak euskaraz jartzeko kanpaina abian jarria du.
Nola esaten da euskaraz pan de leña? Batzuek egurrezko ogia erabiltzen dute, baina hagin zorrotzak eta sabelalde sendoa behar dira gero egurra jateko! Euskaraz egurlabeko ogia da hori, edo laburrago esanda, egurlabekoa.
Horrelakoak saihesteko eta oro har bezeroek ogia euskaraz eska dezaten, Euskara Zerbitzuak poster edo kartel batzuk banatu ditu herriko okindegietan. Irudietan era askotako ogiak agertzen dira eta bakoitzaren azpian euskaraz nola deitzen zaion bakoitzari: zopakoa, txapata, gatzgabea...
Eskatu ogia ere euskaraz, baina egurrezkorik ez, mesedez.



