Ohiko osoko bilkura egingo du udalbatzak ostegunean, hilaren 24an
Kale izendegian aldaketak egitea, etxebizitza turistikoen eta apustu etxeen lizentziak arau subsidiarioa onartu bitartean etetea, Zumaiako Irisgarritasun Planari hasierako onarpena ematea, eta Zumaiako udal eraikin eta lokalak garbitzeko zerbitzua publifikatzeko akordioa aztertuko dituzte, besteak beste.
Ekaineko ohiko osoko bilkuran gai ugari landuko ditu udalbatzak. Ogasun arloko gaiez gain, hirigintza arloko gai ugari aztertuko dituzte, hala nola: Irisgarritasun Planari hasierako onarpena ematea, kale izendegiari lotutako gaiak (Fielatoa eta Martxoak 8 plaza), Zumaiako planteamenduko arau subsidiarioen aldaketa egin bitartean etxebizitza turistikoen eta apustu etxeen lizentziak etetea, edota alokairurako laguntzan zenbait aldaketa txertatzea. Gainera, Zumaiako udal eraikin eta lokalak garbitzeko zerbitzua itzultzeko akordioa ere aztertuko dute.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuen alorreko Itsasargia adinekoentzako zerbitzua martxan jartzeko araudiari hasierako onarpena ematea aztertuko dute. Bilkura amaitzeko, eskari eta galderen txanda izango da.
Osoko bilkura ostegun honetan izango da, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.