Oikiako eskola berria eraikitzeko tramiteak aurrera doaz

2015/06/10

Oikiako eskola berria eraikitzeko tramitazioak ia eginak ditu Zumaiako Udalak, eta Eusko Jaurlaritzari lurra lagapenean uzteko dena prest da

Urte asko dira, zortzi bat inguru,  Oikiak eskola berria izan dezan elkarlanean ari direla Zumaiako Udala eta eskolako guraso elkartea. Urteak luze doaz, tramiteak luze joan ohi direlako, eta azken uneko ustekabeko arazoek hasieran aurreikusi baino gehiago luzatu dutelako eskola eraikitzeko lur saila Udalaren izenean izateko bidea.

Ez da bide erraza izan, tartean tramite asko izan direlako, baina azkenean Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari Oikiako eskola berria eraikitzeko lagapenean utzi behar dion lurraren notario-eskritura Udalaren izenean dago. Horrek adierazten du lur horiek Udalarenak direla. Baina oraindik azken pauso txiki bat falta zaio Udalari bere lan guztiak erabat bukatutzat emateko. Eskritura horiek erregistrora emaman behar ditu, legedia erabat betetzeko, eta datozen egunotan emango du pauso hori.

Azken pauso hori eman ostean, Eusko Jaurlaritzaren zeregina izango da Oikiako eskola berria eraikitzen hasteko lanen planifikazioa egin eta Oikiari merezi duen bezalako eskola egiteko tramiteei ekitea.

 

Bide luzea eskola berria izateko

Zortzi bat urte izango dira Udala eta Oikiako guraso elkarte eta zuzendaritza eskola berria izateko, elkarlanean, buru-belarri dabiltzala. Bere garaian, Oikiako guraso elkartekoak eta eskolako zuzendaritzak Udalera jo zuten Oikiako eskolak zuen egoeraren berri eman eta guztien artean arazoari irtenbidea emateko. Eskolak zituen arazoak kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzarekin jarri zen harremanetan Udala, eta Oikian eskola berria eraikitzeko beharrezkoak ziren pausoak emateari ekin zion.

Eusko Jaurlaritzak ingurune horretan lur sail bat izatea eskatu zion Udalari. Udalak bazuen lur sail bat juxtu eremu horretan, 1.500 metro koadrokoa, baina Jaurlaritzak eskatzen zuena baino txikiagoa zen. Gutxienez 3.000 metro koadroko lur eremua eskatzen baitu.  Beraz, lur eremu propiorik ezean, baldintzak betetzen zituen lurrak  bilatu eta eskuratzeari ekin zion Udalak.

Bilatu zuen arauak betetzen zituen lurra. Oikiako 039-13 lursaila, hain zuzen, 4.235 metroko koadrokoa. Beraz, Oikiako eskola egiteko gunea zehaztu zuten. Lur jabearekin 2010eko maiatzean lursailak trukatzeko permuta sinatu zuen Udalak. Akordioaren arabera, Udalak beste lur eremu batekin ordainduko zion lur jabeari lurra, eta Udalaren lurra txikiagoa zenez, falta zen zatia dirutan ordainduko zion. 

Lur eremua finkatuta eta jabeekin aurreakordioa sinatuta, arau subsidiarioak aldatzeko tramiteei ekin zitzaion udaletxean. Arau subsidiarioetan Zumaiako Udalak ez zuen lur eremu horretan eskola eraikitzeko aurreikuspenik, eta, beraz, lurrak ez zuen eskola eraikitzeko behar zen kalifikaziorik. Eta arazo hori konpontzeko tramiteak hasi ziren. 

Arau subsidiarioen aldaketa egiteko tramiteek luze jo zuten. Hiru urte luze, baina 2014ko urtarrilean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Arau Subsidiarioen 4. aldaketaren berri ematen zen ofizialk, arau aldaketa horretan parte hartzen zuten beste administrazioen oniritzia jaso ondoren. 

Horrekin batera, lur neurketa topografikoaren ondorioz lur sailaren azaleraren hasierako neurria zuzendu zen. Haiseran uste baino txikiagoa zen lurra. Hala ere, 4. 018,39 metro koadroko azalera duela finkatu zen. Beraz, lur jabearekin sinatutako aurreakordioa ere aldatu eta egokitu egin zen.

Tramitazio luze horietan, ordea, bestelako ustekabe bat ere suertatu zen. Izan ere, lurjabea hil egin zen, eta Udala bere oinordekoekin jarri zen harremanetan Oikiako eskola eraikitzeko bidean etenik izan ez zedin, eta emateko zeuden pausoak finkatuta zituzten epeetan emateko. Ustekabeko hori medio, eta beste hainbat arazo medio, hilabeteek aurrera egin dute, baina azkenean, Udalak egin beharreko tramitazio guztiak bukatzear dira.

 

Elkarlana eskertzekoa

Oikiako Eskolako guraso elkartea, zuzendaritza eta Udalaren arteko elkarlana eta harremana ezinbestekoa izan da gaia ondo bidean jartzeko. Hartu emana ibilbidearen hasieratik egon bada ere, azken hilabeteotan informazio trukaketa ezinbestekoa izan da dena ahalik eta egokien egiteko.

Horregatik, Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie bai eskolako zuzendaritzari eta baita guraso elkartekoei ere izandako jarreragatik.

 

Jaurlaritzaren esku 

Aipatu bezala, Zumaiako Udalari lur horiek bere izenean jarrita daudela ofizializatzea besterik ez zaio falta. Hau da, erregistrora eraman eta Udalarenak direla ziurtatzea. Hori datozen egunetan egingo du. Horren ostean, Udalak Jaurlaritzari jakinaraziko dio lur horiek eskola egin dezan lagapenean uzteko tramite guztiak eginda daudela. Hala, Jaurlaritzak argitu beharko du zein izango diren emango dituzten pausoak, eta zein epetan egiteko asmoa edo konpromisoa duten. 

Zumaiako Udalari ofizialki eperik jartzen ez badiete ere eskola berria eraikitzen hasteko, 2017. urtean eraikina egiten hasteko asmoa edo planifikazioa dutela jakin ahal izan du Udalak. Beraz, aurten eta hurrengo urtearen artean proiektua egitea eta lehiaketa publikora atera beharko dituzte. Ondoren, proiektua gauzatu ahal izateko.