Oikian eskola egiteko 4.000 metro koadroko lursaila lortu du Udalak
Orain lursaila Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari utziko dio, oikiarren beharretara egokitutako eskola eraiki ahal izateko.
Zumaiako Udalak 4.000 metro koadroko lursaila eskuratzeko akordioa lortu du Oikia auzoan. Egun Oikian dagoen eskola txiki geratu dela eta, Udalak erdietsi duen lursailean eskola berria eraikitzea da asmoa.
Orain artean, Udalak gaur egungo eskolaren atzealdean 1.500 metro koadroko lursaila zuen gordeta eskola egiteko. Baina, 2005ean Eusko Jaurlaritzak egin zuen azterketak zioenez, gutxienez 3.000 metro koadroko lursaila behar da oikiarren beharretara egokitutako eskola eraiki ahal izateko. Hori dela eta eskuratu du Udalak bigarren lursaila.
Lursail berrian eskola eraiki ahal izateko, baina, Udalak arau ordezkatzaileetan aldaketa egin beharko du lehendabizi. Izan ere, lur horiek nekazaritza jardueretarako daude izendatuta gaur egun eta eskola eraiki ahal izateko aldaketa egingo du Udalak. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari utziko dio lursaila bertan eskola berria eraiki ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak 2011rako zuen eskola eraikitzen hasteko asmoa, baina krisi ekonomikoa dela eta atzeratu egingo dela jakinarazi dute.
Beste behar batzuei erantzuna
Udalak, bere aldetik, eskola ahalik eta lasterren egin ahal izateko harremanetan jarraituko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta libre geratuko den partzelan, 1.500 metro koadrokoan, Oikiak dituen beste behar batzuei begirako aurreikuspenak egingo ditu. “Oikiako bizilagunekin landuko ditugu aldaketa puntual horren helburuak, Oikiako beharrak oikiarrek ezagutzen dituztelako inork baino hobeto”, dio Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak.



