Oikian hasi dira auzokonposta egiten

2013/01/31

Puntanuetan ere laster hasiko dira. Interesa duen orok eman dezake izena 608 054 359 telefonora deitu edo auzokonposta@gmail.com helbidera idatzita.

 

Zumaiako Udalak abian duen auzokonposta kanpainari erantzun ona eman die herritarrek. Dagoeneko, Oikian hasi dira auzokonposta egiten 10 familia. Urtarrilaren erdi aldera hasi ziren, auzokonposta kanpaina aurrera daraman Konpostari elkartea eta Zumaiako Udala “gustura” daude herritarrek prozesuan izan duten jarrera eta konpromisoarekin.

Puntanuetan ere ia dena prest dute auzokonposta egiten hasteko, eta aste honetan bertan abian jartzea espero dute gunea. Inguru honetan, 17 familia izango dira, oraingoz, proiektuan parte hartuko dutenak. Hala ere, edonork edozein momentutan izena emateko aukera izango du. Horretarako, 608 054 359 telefonora deitu edo auzokonposta@gmail.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar. Auzokonposta eta etxeko konpostajea egiten duten herritarrek %20 hobaria dute zaborraren tasan.

Baina hasiera batean bi gune horiek abian jartzea bazen asmoa ere, herritarrek ekimen honi egindako harrera dela eta, beste zenbait gune ezartzeko bilerak egin dira, dagoeneko, beste zenbait herritarrekin. Epe motzean, Basadi eta Santelmo inguruan jarriko dira auzokonpostagailuak. Eta ondoren etorriko dira, Alai auzoa, Algorri ingurua eta Parol bideko (Talaipe inguruan) konpostagailuak. Auzo edo ingurune horietako bizilagunak agertu dute interesa, eta taldetxoa osatzeko lanetan ari dira orain.

Zumaiako Udalak herritarrak auzokonposta egitera animatu nahi ditu, modu honetan, hondakinen zati bat zirkulaziotik ateratzen baita. Aipatutako auzoetako zein herriko beste edozein txokotako interesa duen orok,  aurrez aipatutako telefomo edo e-posta horietan eman dezake izena. Gune berrietatik eskariak sortzen doazen heinean, Udalak aztertu eta inguruan taldetxoa osatzeko ahaleginak egingo ditu.

 

Auzolana oinarri

Auzokonposta egiteko izena eman duten familia edo norbanakoek, auzolanean osatu dute beren konpostagailua. Karmele Agirre Konpostari elkarteko teknikariak azaldu duenez: “Hasieratik oso jarrera ona azaldu dute herritarrek, eta konpost kaxa jartzeko gunea egokitu eta konpostagailua bera egiteko lanetan buru belarri aritu dira”. Konpostagunea herritarrek beraiek egin dute,  eta ahal dela, materialak berrerabiliz osatu dute gunea. “Materialak berrerabili eta kostua 0 edo ahalik eta txikiena izatea izan dugu helburu”, adierazi du Agirrek.