Okerrik ezean, Raul Garcia Castan 2005eko munduko azpitxapeldunak parte hartuko du Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketan
Gaur (uztailak 2, osteguna) aurkeztu dute Algorri Interpretazio Zentroan uztailaren 26an burutuko den proba. Ingurumen arloari garrantzia emateaz gain, Aspanovas, minbizia duten haurren gurasoen elkartea lagunduko du probak.
Gaur aurkeztu dute Algorri Interpretazio Zentroan uztailaren 26an estreinakoz jokatuko den Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketa. Lehenengo edizioa izanagatik, ordea, sona handiko lasterkariak ez direla faltako ziurtatu dute. Okerrik ezean, 2005ko munduko azpitxapelduna eta lau urtez Espainiako txapelduna izan den Raul Garcia Castan atletak parte hartuko du Zumaiako lasterketan.
Zumaiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan dira, besteen artean, probaren antolatzaile nagusienak. Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalaren hitzetan, “eman nahi zitzaion trataera ikusita, hasieratik agertu genuen proba antolatzen laguntzeko prestutasuna. Ingurumenaren arloa eta esparru soziala oso garrantzitsuak dira guretzat”. Aldundiko Turismo Sailak diruz lagunduko du lasterketa eta sail horretako zuzendari den Agustin Arostegiren hitzetan, probak “Gipuzkoa eta zehazki flysch-aren fenomenoa nazioartean gehiago ezagutarazteko balioko du”.
Iñigo Saenz antolatzaile eta lasterkariaren arabera, “proba azkarra eta aldi berean gogorra” izango dela uste dute, “gora-behera asko dituelako. Elorriagan egongo da lasterketako punturik altuena eta proba ikusteko zenbait toki interesgarri ere aipatu ditu Saenz-ek; hala nola, Sakoneta aldea, Talaimendiko gaina edota Algorrira jaitsiera.
Ingurumen arloari garrantzia emateaz gain, Aspanovas, minbizia duten haurren gurasoen elkartea lagunduko du probak. Bosco Garitano lasterketaren antolatzaile talde teknikoaren bozeramaleak azaldu duenez, probak lau helburu nagusi ditu: “kirol eskaintza zabaltzea izango litzateke helburuetako bat; horretaz aparte, eta ikuspegi turistikotik, Zumaiako flysch-a ezagutarazteko balioko luke; ingurumenari ere aparteko garrantzia eman nahi izan zaio hasieratik; eta azkenik, arlo soziala ere jorratuko du probak”.
Aspanovas elkarteari laguntza
Izen-emate eta dirulaguntzetatik jasotako dirua, Aspanovas elkarteari emango zaio eta horren harira, Nekane Lekuona elkarteko kideak eskerrak eman dizkie guztiei erakutsitako elkartasunarengatik. Lekuonak azaldu duenez, “lau familiek halabeharrez sortutako elkarteak egun 105 familia elkartzen ditu bere inguruan”. Proba honek aurrera egiten jarraitu eta elkartea ezagutarazteko balioko duela esan du, “haur minbizia egon badagoelako”.
Sari bereziak, Zumaia gai hartuta
Zumaiari lotutako sariak banatuko dituztela adierazi du probaren antolatzaile Bosco Garitanok. Gizonezko eta emakumezko nagusien garaikurra Keixeta eskultoreak brontzez egindako Itzurungo hormaren irudia izango da. Hurrengo hiru lehenentzako saria, berriz, Zumaiako Turismoaren logoa izango da, laserraz egindako plaka herdoilezinean.
Probaren inguruan hainbat ekimen
Proba egunean bertan, hainbat ekimen izango direla jakitera eman du Garitanok. Indamendi elkarteak, esaterako, martxa bat gidatuko du Zumaiako Elorriagara proba ikusteko. 8:30ean aterako dira Kutxa aurreko plazatik. Horrez gain, Zumaiako Udalak babestuta, antolatzaileek txalupaz bidaia egingo dute flysch-a ezagutzera.
Lasterketaren ezaugarriak:
Luzera: 27 km.
Desnibela: 2.010 metro.
Altuera: 214 metro.
Malda: %33.
Oraindik zabalik dago izena emateko epea. Izena emateko egin klik hemen.



