Olarro Eguneko lehiaketa gastronomikoan izen emateko epea ireki da
Aurten irailaren 19an izango da Olarro Eguna, eta azken urteotan egin ohi den lehiaketa gastronomikoan parte hartzeko deialdia egin nahi du Udalak. Izen emateko azken eguna irailaren 11 izango da. Animatu, eta eman izena!
EGUNA: Irailaren 19a, larunbata
ORDUA: 09:00tatik 13:00era
LEKUA: Eusebio Gurrutxaga plazan
HELBURUA: Olagarroa prestatzeko era desberdinak ezagutarazi, ahal den errezeta kopururik zabalena jaso eta, era berean, berrikuntza gastronomikoa bultzatu. Urtez urte jasotako errezeta guztiekin bilduma bat osatzen joateko asmoa dugu.
OINARRIAK:
1. Izen ematea
- Lehiaketa irekia izango da eta beraz, nahi duenak parte har dezake, bere izenean edo elkarteren bat ordezkatuz, sukaldari profesionalek direnek izan ezik.
- Partaideak bikoteka aurkeztuko dira.
- Bikote kopurua 22ra mugatuta dago eta lehentasuna izena emateko ordenaren arabera izango da.
- Izena emateko Turismo Bulegora zuzendu behar da, Irailaren 11a baino lehen, eta doan izango da.
- Izena ematearekin batera, partaideek errezeta posta elektronikoz (turismoa@zumaia.eus) bidali beharko dute lehiaketa egunean jendaurrean ikusgai egon dadin.
- Izena emandakoan, partaide bakoitzari lehiaketa gastronomikoaren oinarrien kopia bat emango zaio.
2. Prestatu beharreko platera
- Olagarroan oinarrituriko plater bat prestatu beharko da, bakoitzak nahi duen erara: ohizko eran (olagarroa patatekin) edo era berritzailean.
- Errazio kopuruari dagokionez, partaide bakoitzak gutxienez sei (6) errazio prestatuko ditu.
3. Azpiegitura
- Karpak, suak eta mahaiak Antolaketa Batzordeak jarriko ditu.
- Lehiaketa egunean partaideek ordu erdi lehenago egon beharko dute Beheko Plazan.
4. Osagaiak eta sukaldeko tresneria
- Lehiaketari hasiera eman baino lehen, partaideei olagarro gordin bana emango zaie (2 kg ingurukoa).
- Gainontzeko osagaiak partaideek eramango dituzte.
- Lehiaketaz kanpo prestatutako saltsa edo ongarririk ezingo da erabili.
- Sukaldean aritzeko behar den tresneria ere (kazuelak, burruntzaliak, aiztoak, sardexkak, koilarak…) partaideen ardurapean egongo da.
5. Epaimahaia eta sari-banaketa
- Epaimahaia sukaldaritzari lotutako pertsonek osatuko dute, eta bi sexuen ordezkaritza orekatua bermatuko du, Otsailaren 18ko 4/2005 Berdintasun Legeak dioenaren arabera.
- Epaimahaiari aurkezteko platerak Antolaketa Batzordeak banatuko ditu.
- Puntuazioa ematerakoan baloratuko diren ezaugarriak: zailtasun gastronomikoa, plateraren aurkezpena, zaporea, prestaketa puntua eta originaltasuna.
- Sari banaketa 13:00ean izango da.
- Sariak, Zumartianeko kide diren establezimenduetan gastatzeko opari txartelak izango dira. Irabazleentzat: Txapela eta 150 €, 2. saria: 120 €, 3. saria: 90 €.



