Olarro Egun jendetsua bizitu zuen Zumaiak larunbatean

2018/09/18

Aurtengo edizioak izandako harrera ona eta herritarren partaidetza altua nabarmendu ditu Udalak. Ildo beretik eskerrak eman dizkie antolakuntzan zein Olarro Egunean bertan lanean aritu ziren herriko elkarte zein taldeei egindako esfortzu eta lan onagatik.

Joan den larunbatean, Zumaiak behar bezala agurtu zuen uda denboraldia Olarro Egunaren ospakizunarekin.

Goiz goizetik eguraldia lagun, herritar ugari bildu ziren antolatutako ekintzetan parte hartzera. Esate baterako, jendetza ibili zen egunean  zehar herriko puntu ezberdinetan ezarritako txosnetan olagarro zopa eta brotxetak dastatzen, baita, noski, batel estropadetako parte hartzaileak animatzen ere.

Horrez gain, 80ko hamarkadako arraunlarien omenaldiak izandako harrera ona eta partaidetza altua ere azpimarratu ditu Udalak, herritar mordoa bildu baitzen Kofradiako plazan 1984an eta 1987an Kontxako bandera irabazi zuten Zumaiako Aita Mari traineruko kideak omentzeko.

Guzti horiek kontuan izanik, aurtengoan ere Olarro Egunaren balorazio positiboa egin du Udalak eta bizitako giro ezin hobea azpimarratu du.

Amaitzeko, halaber, eskerrak eman dizkie antolakuntzan zein egunean bertan lana egiten aritu ziren herriko elkarte eta talde guztiei, egindako esfortzu eta lan onagatik.