Onartu dira 2013ko aurrekontuak
Asteazkenean burutu zen plenoan onartu zen 2013ko Udal aurrekontua, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin.
Atzo, abenduak 26, egin zen plenoan onartu zen 2013. urterako Zumaiako Udalaren aurrekontua. 2013ko aurrekontua osatzerako garaian, Zumaiako Udal Gobernuak Foru Aldundiari aurkeztutako Plan Ekonomiko Finantzarioa betetzea izan da ardatz nagusia. Hori bai, beti ere Zumaiako bizilagunei behar bezalako zerbitzuak emanez.
Aurrekontuak osatzerako garaian, ahalegin berezia egin da gastu arrunta jaisteko, beti ere, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak mantenduz. Garai gogor hauetan, ahalegin berezia egin da, nahiz eta murrizketak egin herritarren ongizate mailari eusteko.
2013. urterako 12.221.560 euroko aurrekontua izango du Udalak. Aurrekontu bateratua, beriz, (Musika patronatua, San Juan Egoitza eta Kirol Patronatua kontuan izanda)15.977.028 eurokoa da.
Zumaiako Udalak 318.000 €ko zorra du, hori aurrekontuaren %2,4 inguruko zorra da. Gizpuzkoako Udalen batez besteko zorra %6,6an dago. Beraz, nahiz eta Zumaiako Udalaren egoera ez izan ona, batez bestekoa baino hobea da udalaren egoera ekonomikoa. Hala ere, aipatu beharra dago, Zumaia Lantzenen likidezia faltak Udalaren aurrekontu propioa baldintzatzen duela.
Irizpide nagusiak
-
Udalak egina duen plan ekonomiko finantzarioa izan da aurrekontuak osatzerakoan izandako ardatz nagusia.
-
Gastu korrontea murrizteko ahalegin berezia egin da. Hala, % 4,81 jaistea lortu da.
-
Gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez da egingo.
-
Gazteria, Aniztasuna eta Berdintasun saila indartzeko ahalegina egingo da.
-
Langileen soldata izoztuko da.
-
Inbertsioak oinarrizko gaietara mugatuko dira, eta lehentasunak ezarriko dira.
-
Eragile ezberdinei ematen zaizkien diru laguntzak orokorrean mantendu egingo dira. Alderdi Politikoei ematen zaizkienak %5 inguru jaitsiko da.
Inbertsi nagusiak
Artadiko saneamendua: 295.000 €
Sabaian erabilera publikoa duten garajeak: 142.500€
Beheko Plaza: 104.500€
Ur hornidura eta saneamendua: 90.000€
Frontoiaren obra zuzendaritza: 75.000€
Oikiko eskola: 70.000€
San Jose proiektua: 46.000€
Monjaxarren komentuko oinarrizko proiektua: 19.500€
Oholtza estalkia: 10.000€
Lanketa
Zumaiako Udal Gobernua irailean hasi zen udal teknikariekin batera 2013ko aurrekontuak osatzen. Urrian, berriz, azken urteotan egin izan den bezala, herritarren parte hartzearekin aurrekontuak osatzeko prozesua jarri zen abian.
Alderdi politikoei azaroaren 20ko ogasun batzordean aurkeztu zitzaien aurrekontuen zirriborroa. Eta abenduaren 4, 11 eta 18ko batzordeetan berrikusi ziren. EAJ eta PSE-EEk egindako hainbat proposamen onartu dira, eta 2013ko aurrekontuetan txertatu dira.



