Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren hurrengo urratsak aurkeztu dituzte
Orioko kanpinean bildu dira aste honetan Udal Elkarteko ordezkariak eta bost herrietako arduradunak eta euskara eta turismo teknikariak. Hurrengo hilabeteetan eskualdeko 400 establezimendu inguru bisitatuko dituzte; denda, taberna eta bestelako zerbitzuetan euskararen presentzia aztertzeko eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko. Kanpainaren irudi berritua ere erakutsi dute: freskoagoa, koloretsuagoa eta pertsonak erdigunean jartzen dituena.
Urola Kosta eskualdeko ezaugarri azpimarragarrienetako bat da euskara, eta haren balioa nabarmendu nahi izan dute gaur Orioko Kanpinean egin den Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoaren aurkezpenean. Euskara eta turismoa uztartzen dituen egitasmo berritzaile honen inguruko hurrengo urratsak azaldu dituzte Ion Arozena Eizagirre Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eta Jone Olaskoaga Balerdi Orioko Kanpineko zuzendariak.
Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa 2020an sortu zen, Urola Kostako herriek ikusi baitzuten euskararen aldagaia txertatzeko beharra turismoaren inguruko errelato eta ekintzetan; hizkuntza kanpotik etorritakoentzat balio erantsia zela ikusarazteko, bai bisitariei eta baita bertako eragileei ere. Urola Kostako Udal Elkarteak hartu zuen, eskualdeko bost herriekin batera -Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaia-, lanketa garatzeko ardura. Udaletako euskara eta turismo sailen arteko elkarlan berritzailea ekarri du proiektu honek, gainera.
Baina turismoari begira ezezik, bertako biztanleei begira ere jartzen da Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa, izan ere, bertakoek euskara erabili ezean nekez entzungo dute hizkuntza kanpotik etortzen direnek. Hori horrela, 2026ean egitasmoari ikuspegi integrala ematen saiatuko dira: kanpotik etorritakoei euskararen garrantzia azpimarratu, baina eskualdeko establezimenduetan ere euskararen estrategikotasunaren mezua zabalduko dute.
Bisitak establezimenduetara
Bertako eragileak euskararen garrantziaren jabe izan daitezen, Urola Kostako Udal Elkarteak, bost udaletako teknikariekin elkarlanean, eskualdeko 400 establezimendutara (denda, taberna, zerbitzu…) bisitak antolatu dituzte.
Bisita horietan, egitasmoaren berri emango dute, eta bertan euskarak duen presentziaren jasoketa egingo da, besteak beste. Hala, zergatik da negozioarentzat interesgarria euskara erakustea?; Zein da euskararen egoera establezimenduan?; Zer egin dezake hobetzeko?; Zer laguntza daude euskararen erabileran pausoak emateko?... moduko galderek zabalduko dituzte bisita bakoitzean.
Halaber, bisita horiek baliatuko dituzte egitasmoaren harrera neurtzeko, hizkuntza paisaiaren egoera aztertzeko eta euskararen presentzia handitzeko dauden baliabideak aurkezteko, hala nola udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak.
Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak aurkezpenean azaldu duenez, “bisita hauek baliatu nahi ditugu establezimenduen beharrak entzuteko, eta eskualdeko establezimenduetan euskarak duen presentzia neurtzeko. Gainera, saiatuko gara beharrak bideratzen eta hizkuntza paisaia euskarara gehiago ekartzeko laguntza eskaintzen”.
Zentzu horretan, Orioko Kanpina da euskara erabilera ohikoaren adibide bat, Jone Olaskoaga zuzendariaren esanetan “gure eskaintzaren erdi-erdian dago euskara. Udal kanpina izanik, derrigorrezkoa da langile guztiek hizkuntza eskakizunak zorrotz betea. Baina guretzat ez da betebehar kontua. Azken finean, kanpina bera herriaren isla da, eta Orio bera euskalduna den heinean, izaera horri eusten dio kanpinak. Eta hain zuzen, hori da gure erabiltzaileek eskertzen dutena. Gu geu izatea, eta gure hizkuntza eta naturaltasuna haiekin partekatzea”.
Antolatzaileen arabera, denda, taberna eta zerbitzuetako arduradunei ere helarazi nahi diete euskararen balio estrategikoa; Ion Arozenak azaldu duenez, “dendari, tabernari eta bestelako zerbitzuei jakinarazi behar zaie euskara erabiltzeak balio erantsia emango diola beren negozioari; bisitariek benetako esperientzia bizi nahi baitute Urola Kostara etortzen direnean. Gainera, euskararen erabilera zabaltzeak eskualdeko herritarrentzat ere giro erosoagoa sortzen du”.
Ekimen berritua
2020tik hona, Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoak egin du bere bidea: euskarriak, kanpainak… oro har bisitarien aldetik “harrera bikaina” izan du, Askok eskertu dute euskaraz hitz batzuk ikasteko aukera, eta horrek “apur bat bertako” sentiarazi dituela azaldu dute.
Gainera, egitasmoak euskararen gaineko begirada berria ekarri du eskualdeko ostalaritza eta merkataritza sektorean, ikusi baitute euskara aktibo ekonomikoa eta bereizlea izan daitekeela.
Aurkezpenean kanpainaren irudi berritua ere erakutsi dute, lehen aldiz Madrilgo FITUR azokan egin bezala. Diseinu berriak itxura freskoagoa eta kolore biziagoak ditu, eta pertsonak jarri ditu erdigunean. Gainera, eguneroko esamolde errazak txertatu dituzte –kaixo, ongi etorri, eskerrik asko– euskaraz ez dakitenek ere erabili ahal izan ditzaten.
Mezu argiak zabaltzen ditu ekimenak: bisitariak euskara ezagutzera, gure kulturara hurbiltzera eta bertako jendearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditu, “esperientzia osoago batez goza dezaten”.
Jone Olaskoagak ere argi du: “kanpotik etortzen diren bezero asko eta asko ditugu, eta ez dira halabeharrez gurera etortzen. Gure berezitasunak, izaerak eta nolakotasunak erakartzen dituzte. Gure hizkuntzak eta kulturak desberdin egiten gaitu, eta horixe da, hain zuzen, gure erakargarritasuna”.
Baina, esan bezala, mezu guztiak ez dira bisitan etortzen direnentzat, eta ekimen honek bertakoei euskara erabil dezaten eskatzen die; izan ere, horixe baita iritsi berriek bilatzen dutena: kultura baten egiazkotasuna, bere hizkuntzarekin batera. Eta hori helaraziko diete establezimenduetara egindako bisita bakoitzean.



