Ongizatea eta elkarbizitza bermatuko dituen turismoaren alde urratsak eginez
Turismo Planeko lehen laborategiaren emaitzei erreparatuz, erronka zein lehentasun ezberdinak planteatu dituzte herritarrek: elkarbizitza, ekintzailetasun turistikoa, tokiko sentimendua edota kultura-ekosistema, besteak beste. Datorren hilaren 10ean bigarren laborategia egingo da eta bertatik jasotako emaitzak aintzat hartuta, herria zein herritarren beharrei egokitutako Turismo Plana garatuko da.
Pausoz pauso aurrera doa Zumaiako Turismo Planaren garapena eta bide horretan, dagoeneko publiko egin ditu Udalak joan den irailaren 12an herritarrekin batera egindako lehen laborategi parte-hartzailearen emaitzak. Horiek ikusgai daude hemen
Martxoan abian jarritako Turismo Planaren garapenean, Udalak ezinbestekotzat jo zuen turismoaren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak ezagutzea, eta ez hori bakarrik, baita dokumentuaren lanketan zumaiarrak inplikatzea ere. Horretarako, turismoaren inguruko galdetegia zabaldu zitzaien herritarrei eta horrez gain, 108 elkarrizketa ere egin zituen Udalak, Translokal enpresarekin elkarlanean, Zumaia zein kanpoko arlo edo sektore ezberdinetako hainbat eragileei.
Behin emaitza guztiak aztertu ostean, herritarrengandik jasotako gai, ekarpen, proposamen eta zalantza nagusiak 10 bektore estrategiko edo ardatz nagusien pean laburbildu zituen eta horiek izan ziren, hain zuzen, irailaren 12an egindako lehen laborategian aztergai izan ziren ildo nagusiak.
Lehen laborategiaren nondik-norakoak
Lehen laborategi parte hartzailean, guztira 71 lagunek hartu zuten parte. Laborategia ahalik eta eraginkorrenak izan zedin, Udalak eta Transkolak enpresak azpimarra berezia jarri zuten taldearen aniztasunean eta horretarako, 7 lan talde osatu zituzten, herriko ekosistema turistikoa osatzen zuten eragile bakoitzeko ordezkariekin: sektore publiko zein pribatua (politikariak, teknikariak, enpresa txiki zein handiak, ostalariak, merkatariak…), akademikoak (adituak, unibertsitate mundukoak…), ekintzaileak (turismo alorrarekin lotu daitezkeen proiektu edo ekimenak lantzen dituztenak) eta noski herritarrak ere. Sailkapen horren helburua da turismoaren inguruko ikuspuntu eta ikuspegi desberdinak bildu, ezagutu eta jasotzea, Zumaia eta zumaiarren egungo beharretara egokitutako dokumentua osatzeko.
Lehen saioa bi fasetan banatu zen: erronken fasea eta 10 bektoreen lehentasunen fasea, hain zuzen. Erronkei dagokionean, “zein da turismoaren inguruan herritarrok dugun erronkarik garrantzitsuena? “ izan zen parte-hartzaileei zuzendu zitzaien galdera. Emaitza gisa, talde gehienetan bertakoen ongizatea eta turistekiko elkarbizitza bermatzea nagusitu zen, baina horrez gain, bestelako hainbat erronka aipatu zituzten: turismoa bertakoen nortasuna eta kultura ezaugarriei balioa emateko erabiltzea, turismoak eskaintzen duen zeharkotasuna beste sektore batzuekin harremanetan dauden proiektuak garatzeko erabiltzea, turismoaren gain ardura duten erakunde desberdinen arteko koordinazioa hobetzea edota Flyscharen sustapen hutsean oinarrituta ez dagoen beste turismo bat indartzea, besteak beste.
Bigarren fasean, aldiz, 10 bektore edo ardatz estrategiko eskaini zitzaizkien herritarrei eta taldeetan eztabaidatuz, garrantziaren arabera sailkatu behar izan zituzten. Horren arabera, hauek izan ziren herritarrek zehaztutako lehentasunak:
- Elkarbizitza
- Tokiko ekintzailetasun turistikoa
- Tokiko sentimendua
- Kultura ekosistema
- Tokiko ekonomia paisaiaren eta naturaren arautzaile gisa
- UNESCOren Euskal Kostako Geoparkea
- Gobernantza turistikoa
- Helmuga turistiko adimentsua
- Posizionamendu geografikoa
10. Teknologia berriak
Haurrekin egindako lanketa
Horrez gain, Zumaiako haurrekin saio txiki bat ere eraman zuen aurrera Udalak Translokal enpresarekin batera. Bertan 5-10 urte bitarteko haurrek hartu zuten parte eta marrazki bidez, turismoaren inguruan zuten ikuspegia irudikatu zuten.
Azaroaren 10ean bigarren saioa
Turismo Planaren helburua da herritarrekin elkarlanean Zumaia eta zumaiarren beharretara egokitutako dokumentua osatzea, aurrerantzean eta etorkizunera begira ere, Zumaiako balio eta baloreak indartuko dituen turismoaren alde lan egiten jarraitzeko.
Bide horretan, datorren hilaren 10ean bigarren laborategi parte-hartzailea egingo da. Saio hori aurrekoa baino zehatzagoa izango da eta bertan lehen laborategian landutako ardatz nagusiei emandako lehentasuna aintzat hartuta, bost proiektu landuko dituzte parte-hartzaileek, guztiak bideragarritasunean, inplementazioan, prototipatzean, ekintzailetasun lokalean eta datuetan oinarrituta. Bost proiektu horiek dira: ondarea eta identitatea, espazio turistikoen kudeaketa, turismoaren inguruko jarduera ekonomikoen aktibazioa, gobernantza eta azpiegiturak. Oraingoan ere, Udalak eta Translokal enpresak azpimarra berezia jarriko dute taldearen aniztasunean eta laborategia ahalik eta eraginkorrenak izan dadin, aurrekoan baino lan talde txikiagoak osatuko dira. Laborategitik jasotako emaitzekin, Zumaiako Turismo Planeko ekintzak zehaztuko ditu Udalak.
Amaitzeko, herritarrei gogorarazi die Turismo Planak martxan jarraitzen duela eta udaletxeko zein turismo bulegoko ateak zabalik daudela uneoro herritarren iritzi zein ekarpenak jasotzeko. Nahiago duenak turismoplana@zumaia.eus helbide elektronikora ere bidera ditzake proposamenak.



