Ongizatea eta elkarbizitza, Turismo Planaren giltzarri nagusiak

2018/05/16

Hain zuzen, bertakoen ongizatea eta turistekin elkarbizitza bermatzea dira Planaren lehentasun nagusiak. Helburua da kalitatezko turismo jasangarria sustatuz eta herriaren nortasuna mantenduta, hurrengo 3 urtetan garatu beharreko turismo politiketarako gida orria aurkeztea. Horretarako, 10 ardatz, 5 lan eremu eta 142 ekintza definitu ditu Planak, besteak beste.

Datozen 3 urteetan turismo alorrean ibilbide orri gisa erabiliko den Plana osatzeko urtebete inguruko bidaia amaitu berri du Udalak. Ibilbide luzearen ostean, gaur bertan aurkeztu die herritarrei, aipatu Planaren nondik norako eta xehetasun nagusiak.

2017ko martxoan ekin zion Udalak, hain zuzen, Planaren garapenari. Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jo zuen turismoaren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak ezagutzea, eta ez hori bakarrik, baita dokumentuaren lanketan zumaiarrak inplikatzea ere. Horretarako, turismoaren inguruko galdetegia zabaldu zitzaien herritarrei eta horrez gain, 108 elkarrizketa ere egin zituen Udalak, Translokal enpresarekin elkarlanean, Zumaia zein kanpo arlo edo sektore ezberdinetako hainbat eragileei.

Behin diagnosi fase hori amaituta eta momentuko errealitatearen inguruko azterketa eginda, laborategi parte hartzaileak egin zituzten Udalak eta Translokal enpresak, herriko ekosistema turistikoa osatzen duten eragileekin: politikariekin, enpresa eta eragileekin, akademikoekin, ekintzaileekin eta, noski, herritarrekin. “Zumaian, toki guztietan bezala, iritzi eta ikuspuntu desberdinak daude turismoaren inguruan eta guzti horiek ezagutu eta batu nahi izan ditugu Turismo Plana ahal bezain anitza izan dadin”, azaldu du alkateak, Oier Kortak.

Eta aniztasun horretatik abiatuta, hain zuzen, ekin zion Udalak behin betiko dokumentua osatzeari. Horretarako, parte hartze prozesuan oinarritutako iritzi zein ekarpenak hartu dira kontuan eta horiekin 10 bektore osatu dira:

  • Elkarbizitza
  • Tokiko turismo ekintzailetasuna
  • Tokiko sentimendua
  • Kultura ekosistema
  • Tokiko ekonomia, paisaiaren eta naturaren arautzale gisa
  • Euskal kostaldeko UNESCOren munduko Geoparkea
  • Gobernantza turistikoa
  • Helmuga turistiko adimentsua
  • Posizionamendu geografikoa
  • Teknologia berriak

Bektore horien pean jasotzen dira, hain zuzen, herritarrentzat garrantzitsuenak edota lehentasunezkoenak diren gai ardatzak. Ildo horretan, bertakoen ongizatea eta turistekin elkarbizitza bermatzea da Planaren muina, bisitariak bertako bizimoduan integratu eta guztiak erosotasunean elkar bizi daitezen.

Edonola ere, hori eta beste 10 ardatzak betetzeko, 5 lan eremu desberdin eta 142 ekintza jaso eta zehaztu ditu Planak, “turismoaren alorrean, guztiok batera garatu dezagun Zumaiaren etorkizuna” adierazi du alkateak. “Azken finean, Turismo Planak nondik gatozen eta etorkizunera begira nora iritsi nahi dugun definitzeko balio digu eta hori lortze aldera, gure helmugarako bide horretan hartu beharreko neurriak zehazten dizkigu”, gaineratu du.

Horrez gain, Planaren garapenak izandako parte hartze itzela azpimarratu du alkateak eta eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten guztiei. Ildo beretik, udaleko oposizioko taldeek, turismo teknikariak eta Translokal enpresa berak eginiko lan bikaina ere goraipatu eta eskertu ditu.

Aipatu Plana udal webgunean egongo da ikusgai eta interesdunek bertan eskuratu ahal izango dute bere osotasunean.

Asteburura begira, ate irekiak

Eta turismoaren harira, asteburu honetan ate irekiak eta Planaren inguruko informazio orokorra egongo da ondorengo tokietan:

  • Algorri Interprerazio Zentroan: larunbata eta igandea, 10:00-13:30 bitartean
  • Kofradian: larunbata eta igandean 17:30-20:30 bitartean
  • Komentuko erromesen aterpetxean: larunbata eta igandean, 16:00-20:00 bitartean