Ontziolei elkartasuna adierazi zion atzo Zumaiako Udalak

2013/07/12

Aho batez onartu zuten mozioa, atzo, hilak 11, egin zen ez-ohiko plenoan. Hala, Balenciaga ontziolako langile eta ingurukoei elkartasuna adierazi zion Udalak.

 

Lehenago konponbiderik aurkitzen ez bazaio, uztailaren 17an Europako Komisarioen Elkargoak Tax leasearen inguruko ikerketa espedientean aurreikusitako erabakia baieztatuko du eta euskal ontzigintza hondoratze bidean jarriko du.

Iragarritako erabakia baieztatzen bada, milaka familiaren etorkizuna eta ehunka enpresaren eta profesional handiren ahalegina ezerezean geratuko da.

Balizko erabaki horrek eragindakoen artean dago Balenciaga ontziola, gure herrian trakzio-lan handia egiten duen enpresetako bat.

Gure ontziolek eta euren artean Zumaiako Balenciagak, Tax lease eta guzti ere, finantziazioa garesti eta lortzeko zail eduki dutenez, Europako lehiakideak baino baldintza okerragoetan aritu behar izan dute merkatuan. Hala eta guztiz ere, teknologikoki aurrean dabil euskal ontzigintza eta balio erantsia eskatzen duten ontzien alorrean lehiakorra da.

Horrez gain, kontuan izan behar da Europako ontzigintzak izan duen bilakaera, izugarri atzeratu baita Txina, Korea, Japonia eta antzeko merkatuekin alderatuta, nahiz eta armadoreen %90 europarrak izan. Herrialde horiek ere jasotzen dituzte ontzigintzarako diru-laguntzak. 

Horrek guztiak balio behar luke Europak gai honen inguruan gogoeta sakona egin dezan.

Gaitasun eta ahalegin horiek guztiek bertan behera gelditzeko arriskua dute proposamen bidegabe, neurrigabeko eta baztertzaile hau tarteko.

Erabakia bidegabea da, oinarrian zerga erregimena bateraezintzat jotzen duelako, eta erregimen hori gardena izan delako Batzordearentzat eta erkidegoan dauden beste erregimen batzuen parekoa helburuei dagokienez. Batzordea jakinaren gainean zegoen Espainiako estatua sektorea diruz laguntzen ari zela azken urteetan eta ez du EZERTXO ERE egin.

Erabakia neurriz kanpokoa da, eta hori ikusteko nahikoa da balantzaren alde batean jartzea tax leasea aplikatzeak lehiakideengan izan duen benetako eragina eta beste aldean, berriz, dirua itzultzeko erabakiak izango lituzkeen ondorio suntsitzaileak. Eta horren froga argiena da lehiakide europarren egoera ona dela eta ontziolarik ez dela itxi Europan euskal ontzigileen lehia desleiala izan delako.

Eta erabakia baztertzailea ere bada, Batzordeak aurrez antzeko beste kasu batzuetan ez duelako dirua itzultzerik eskatu. Antzeko kasuetan Batzordeak ezer ez egiteko erabili izan duen argudio berbera erabili beharko litzateke orain ere berdin-berdin.

Europako batzordeak eta zehazki Almunia komisarioak ondo asko daki dirua itzultzea erabakitzen bada ontziolak ezin eutsizko egoera batera eramango dituela horrek, ezin izango dutelako ontzi berriak egiteko kontraturik eta finantzaketarik lortu.

Balenciaga ontziolak berak eskaera bat geldiarazita du gai hau ebatzi arte, eta horrek ziurgabetasun kezkagarria eragiten du ontziolaren ekoizpenean eta epe laburreko lanetan.

Uste dugu nahikoa datu badaudela zerga erregimen hau ezartzerakoan erabili diren segurtasun juridikoaren eta lege konfiantzaren printzipioak defendatzeko, eta printzipio horiek dirua ez itzultzea babestuko lukete.

 

Horregatik guztiagatik ZUMAIAKO UDALAK:

 

1.      Astilleros Balenciagako langileei eta administrariei, hala nola bere inguruan lan egiten duten enpresetakoei ere elkartasuna eta babesa adierazten die.

 

2.      Industria edota fiskalitatean ardurak dituzten erakundeei, alegia Espainiako estatuari, Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei erabaki proposamena gauzatu ez dadin beren esku dagoen guztia egiten jarrai dezatela eskatzen diegu.

 

3.      Dei egiten diogu Europako Batzordeari ontziolak itxi  eta milaka langile langabeziara eraman ordez, ontzigintza sektorearen garapen iraunkorraren alde egiten ahalegindu eta ontzigintza europarra sektore estrategiko gisa defenda dezan.