Opor garaian aterpea izango da Zumaian
Zumartian eta Udaleko departamentu ezberdinek adostuta, aurten argiak beharrean ekintza ugari hartuko dituen aterpea izango da Beheko plazan.
Gaur egungo krisi egoera honetan, Zumaiako Udala arloz arlo azterketak egiten ari da baliabideen ahalik eta erabilera onena eta eraginkorrena egiteko. Izan ere, herritarrei zerbitzu onena eskaintzeko beharrezkoa ikusten du beharrak ahalik eta ondoen ezagutzea, eta behar horietara egokitutako zerbitzuak eskaintzea.
Merkataritza edo 3. sektoreari dagokion hausnarketa ere egin da, elkarlanean. Sektore honek beste hainbat arlo ere ukitzen ditu, edo beste hainbat arlok eragiten baitute sektore honetan ere. Horregatik, Udalak eta Zumartianek egindako hausnarketa horretan turismo eta merkataritza, kultura, ingurumena, berdintasuna, kirola, euskara eta ludotekako teknikariak ere hartu dute parte.
Aztertutako puntuetako bat Gabonei loturikoa izan da. Hala, alde guztiak ados jarrita, aurten, kalean argiak jarri beharrean herritarrei opor garaian aterpea emango dion karpa jartzea erabaki da, beheko plazan. Aldaketa honen arrazoi nagusia, argiak jartzeko erabili ohi izan diren 16.000 euroei ahalik eta etekin onena edo egokiena ateratzea da. Hala, aldaketa honen bidez, herritarren bilgune izango den aterpea izango du herriak. Bertan, gainera, hainbat ekintza berri eta ekimen antolatzeaz gain, urtero kalean egiten diren zenbait ekintza ere hartuko ditu,
Aurtengoan, proba
Aurtengoan, karpa proba gisa jarriko da. Karparen kostuak, hau da, azpiegiturarena Zumaiako Udalak ordainduko du. Bertan antolatuko diren ekintzen kostuen zati handi bat, berriz, Zumaiako merkatari eta ostalari elkarteak. Beraz, herriko merkatari txikiek ere aldaketa honetan bere apustua egingo dute.
Herritarren iritzi eta proposamenak jasotzeko bideak ere jarriko dira karpa dagoen bitartean. Hurrengo urteetan zer egin daitekeen ekarpenak jasotzeko eta hausnartzen segitzeko.



