Oroimena lantzeko bigarren tailerra irailetik aurrera 65 urtetik gorako zumaiarrentzat

2018/08/31

Zumaiako Udalak martxotik ekainera bitartean eskaini du adineko pertsonek memoria entrenatu eta lantzea helburu duen programa berritzailea eta Oroimena Lantzeko Tailer honek balorazio ona jaso du parte-hartzaileen aldetik. Horiek horrela, udazkenera begira bigarren tailer bat antolatuko du Gizarte Zerbitzuen sailak eta lehentasuna izango dute lehenengo tailerrerako interesa azaldu eta parte hartu ezin izan zutenek.

Zumaiako Udalak, herritarrak eta horien bizi kalitatea ardatz hartuta, 2018rako hainbat ekimen berritzaile  aurreikusi ditu. Horietako bat izan da, martxotik ekainera bitartean, adineko pertsonek memoria entrenatu eta lantzeko eskaini duen “Oroimena Lantzeko Tailerra” programa berritzailea.

Udal gobernuak 2018ko aurrekontuetarako landu eta proposatutako “Oroimena Lantzeko Tailerra”, 65 urtetik gorako lagunei zuzenduta dago eta helburu du memoria entrenatu eta lantzeko teknika edo ariketa ezberdinak lantzea eta, bide batez, etorkizunean sor daitezkeen nahasmenei aurre hartu edo horiek atzeratzea.

Aipatu tailerrak balorazio ona jaso du parte-hartzaileen aldetik, hori dela eta, udazkenera begira bigarren tailer bat antolatuko du Gizarte Zerbitzuen sailak. Tailer honetan izena emateko, lehentasuna izango dute lehenengo tailerrerako interesa azaldu eta parte hartu ezin izan zutenek, ondoren, taldea osatu bitartean eskaera berriei erantzungo zaie. Eskaeraren arabera baloratuko  da 2019. urtetik aurrera jarduera hau nola antolatu.

Nori zuzendua:

Jarduera prebentiboa da eta mendekotasunik  ez duten Zumaiako pertsona nagusiei zuzenduta dago.

Tailerraren bitartez honako helburu hauek lortu nahi dira:

  • Funtzio kognitiboan eragiten duten gaitasunak entrenatu: arreta, oroimena, hizketa...
  • Komunikazioa eta taldeko kide izatearen sentimendua indartu.
  • Aisialdi sortzaile eta emankorra bultzatu.

Egunak:

Tailerra astelehen arratsaldetan emango da.

Ordutegia:

Arratsaldeko 16:30etik 18:00etara.

Iraupena:

irailaren 17tik abenduaren 17ra.

Lekua:

Gizarte Zentroa (lehen solairua). Eusebio Gurrutxaga plazan.

Izen ematea: 

Gizarte Zerbitzuen sailean,  Brankan, irailaren 12ra arte.

Matrikula:

21 euro.

Taldean gehienez 15 pertsona onartuko dira eta taldea izen ematearen arabera osatuko da.

Horrelako ekimenen bitartez Udalaren helburua da zumaiar ororen eta kasu honetan adineko pertsonen bizi kalitatea hobetu eta ongizatea bermatzea, horretarako haien behar zein eskaeretara egokitutako zerbitzu zein ekimenak eskainiz.