Osasun etxeetara euskaraz ez dakien medikua bidali izana salatu dute Aizarnazabalgo, Getariako, Zestoako eta Zumaiako udalek zein UEMAk

2019/07/08

Erakundeek euskaraz dakien medikua eskatu diote Osakidetzari, eta adierazi dute arnasguneetako herritarren eskubideak bermatzeko, beharrezkoa dela profesional euskaldunak jartzea.

Aizarnazabalgo, Getariako, Zestoako eta Zumaiako udalek zein UEMAk salatu dute Osakidetzak euskaraz ez dakien sendagilea jarri duela lanean lau udalerri horietako osasun etxeetan. Horrekin batera, eskatu dute lanpostu hori mediku euskaldun batekin betetzeko.

Egonkor eta malgua motako kontratuarekin, euskaraz ez dakien pertsona bat kontratatu da urtebetez, ondoren kontratu hori luzatzeko aukerarekin. Kontratazio hori ez da lanpostu jakin bat ordezkatzeko, beraz, ez zaio hizkuntza baldintzarik ezarri. Erakundeei “benetan larria” iruditu zaie jokaera hori, udalerri hauen errealitate linguistikoa kontuan izanda, “behar-beharrezkoa” delako profesional euskaldunak bermatzea.

Herritarrek zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko duten eskubidean oinarritu dira eskaera egiteko. “Jakin badakigu arazoak izaten direla langile euskaldunak aurkitzeko, baina sendagile elebakarrek ez dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen. Herritarrek helarazitako kexa da honako hau, ezin dutelako sendagilearekin eroso sentitzen diren hizkuntzan komunikatu”, adierazi dute Osakidetzako arduradunei eta giza baliabideetako zuzendariei bidalitako gutunean.

Lau arnasgune: Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaia

Aizarnazabal, Getaria, Zestoa eta Zumaia herri euskaldunak eta UEMAko kide dira. Herritarren %80 baino gehiago euskaldunak dira udalerri horietan. Euskararen arnasguneak dira, beraz; euskara eroso sentitzen den eremua, eta herritarrek normaltasun osoz erabiltzen dutena.

Gutuna lau herri horietako alkateek eta UEMAko lehendakari Josu Labakak sinatu dute, hizkuntzak eta osasungintzaren kalitateak lotura zuzena dutela sinetsita: “Osakidetzako hainbat arduradunek adierazi izan duten moduan, osagilearen eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko funtsezkoa da hizkuntza”. Bestalde, nabarmendu dute hizkuntzaren garrantzia legeak ere jasotzen duela (67/2003 Dekretuak).

GUTUNA: Lau herrietako alkateek eta UEMAk Osakidetzari bidalitako gutuna (PDFa).