Ostegunean 'Irteera geologikoa' eskainiko du Algorri Interpretazio Zentroak
Algorri Zumaiako Natur Balibideen Interpretazio Zentroak, ohiko bisita gidatuez gain, hainbat jarduera prestatu ditu uztailerako. Irteera geologikoa ez ezik, marearteko eremura ibilaldia eta irteera paisajistikoa ere antolatu ditu. Uztailaren 17an, berriz, haurrentzako fosilen tailerra eskainiko dute. Ekimen guztiak doakoak izango dira.
Alde batetik, helduentzako doako bisita gidatuak antolatu dira eta bestetik haurrentzako ekainean ospatutako fosilen tailerra eskainiko da berriro ere. Ekintzak zumaiarrentzat izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da ekintzetan parte hartzeko. Horretarako Algorri Interpretazio Zentrora deitu beharko da, 943 143 100 telefono zenbakira.
Uztailak 9, osteguna, 'IRTEERA GEOLOGIKOA'
Goizeko 10:00etan, Algorri Interpretazio Zentroan.
Gida baten laguntzaz munduko azaleramendu garrantzitsu eta ikusgarrienetarikoa den Zumaiako flyscha ezagutzeko aukera ematen digu irteera honek. Ibilbidea denboran zehar egindako bidaia zoragarria da eta bertan Lurraren eboluzioan emandako gertakari garrantzitsu batzuk erakusten dira, interes geologiko handiko puntuetatik igaroz.
Uztailak 16, osteguna, 'IRTEERA PAISAJISTIKOA'
Goizeko 10:00etan, Algorri Interpretazio Zentroan.
Zumaiaren kostaldeko paisaia eta ekosistemak ezagutzeko eta ulertzeko aukera bikaina. Kostalde hareatsuan Urola ibaiaren itsasoratzea, dunak, padurak eta artadi kantauriarra aztertzen dira. Bestalde, kostalde harritsuak gure inguruan parekorik ez dagoen ikuskizun geologikoa eskaintzen digu. Bertan, itsaslabarraren dinamika, marearteko zabalgunea eta flyscharen eraketa ulertzeko azalpenak ematen dira.
Uztailak 23, osteguna 'MAREARTEKO EREMURA IRTEERA'
Goizeko 10:00etan, Algorri Interpretazio Zentroan.
Irteera honek Algorriko marearteko plataformaren interes paisajistiko, geologiko eta batez ere biologikoa erakusten du. Higadura plataformaren formazio geomorfologikoa, flyscharen eraketa eta marearteko zabalguneraren bioaniztasuna ezagutzeko irteera aparta da. Itsasbehera 12tan denez Algorriko inguruko fauna eta flora identifikatzeko aukera egongo da.
Uztailak 17, 'FOSILEN TAILERRA'
Arratsaldeko 16:30tan, Algorri Interpretazio Zentroan.
Ekaineko bioaniztasun kanpainaren barruan fosilen mundura hurbiltzeko tailerra antolatu zen. Izandako harrera ona ikusirik, uztailean berriro ere tailer hau eskainiko da Algorri Zentroan zumaiar gaztetxoenentzat. Tailer honetan Zumaiako flyschean aurki daitezkeen fosilei buruzko oinarrizko informazioa emango da eta bestalde, igeltsua erabiliz, fosilen erreplikak egiteko aukera izango dute haurrek, baita fosilen inguruko ariketak ere. Horrela, tailerra egitera hurbiltzen direnak flyschak gordetzen dituen altxorren oinarrizko ezagutzaz gain fosilaren erreplika etxera eramango dute, ekintzaren oroigarri gisa.
Abuztuan 'Urdaibai bizigai' erakusketa
Abuztuan 'Urdaibai bizigai-Urdaibai fuente de vida' izeneko erakusketa ibiltaria izango da Algorri Zentroan ikusgai. Urdaibai biosfera erreserba izendatu zeneko 25.urteurrena ospatzeko herritarrei zabaldutako erakusketa honek hainbat herri bisitatuko ditu ondarea goratzeko eta beraien artean Zumaia. Algorri Zentroan izango den erakusketa honek hiru atal izango ditu: Urdaibairen sorrera, garapen iraunkorra eta kontserbazioa, eta ikerketa eta ingurumen hezkuntza. Abuztuaren 2tik 16ra, beraz, Urdaibairen bisita izango dugu Zumaian.
Zumaiako Flsych-a ezagutzeko egingo diren bisita guztiak www.flysch.com helbidean kontsultatu ditzakezu.



