Ostegunero, pintxoa eta potea
Ostegunean, hilak 26, hasiko da herriko hainbat tabernetan Pintxo pote ekimena. Aurtengoa, hiru denboralditan banatu dute, eta denboraldi bakoitzaren bukaeran saria irabazteko aukera izango da.
Datorren ostegunean, hilak 26, hasiko da aurtengo Pintxo potea. Iaz, bezala pintxo bat eta edaria euro eta erdian izango dira eskuragai herriko 13 tabernetan, ostegunero. Aurtengoa, hiru denboralditan banatu dute, eta denboraldi bakoitzean sari bat irabazteko aukera izango dute pintxo potean parte hartzen dutenek.
Iaz abian jarritako “esperimetua” ondo irten zaie, eta aurtengo denboraldiari ostegunean 18:00etatik aurrera emango zaio hasiera. Hala adierazi dute Pintxo potearen antolatzaileek. Aurtengoak, aldaketak izango ditu, ordea. Urtea hiru denboralditan banatu dute: ostegunean hasiko da lehenengo denboraldia, eta martxoaren 29ko pintxo potearekin bukatuko da. Bigarren denboraldia, maiatzaren 3an hasiko da eta uztailaren 19an bukatu, eta azkena, berriz, irailaren 20an hasiko da, eta azaroaren 29an bukatu.
Denboraldi bakoitzaren bukaeran, 300 euroko saria banatuko dute, iaz bezala, taberna guztietako seiloekin betetako txartelak Turismo Bulegoan entregatzen dutenen artean.



