Otsailaren 2 eta 3an Bigarren Eskuko Azoka izango da

2013/01/17

Otsailaren 2 eta 3an Bigarren Eskuko Azoka ospatuko da Zumaian, Alondegian hain zuzen. Dagoeneko 4. edizioa izango da eta produktuak saldu nahi dituztenek, Algorri Zentroan eskaera egiteko aukera izango dute, urtarrilaren 17tik 31ra. Saltzaileak, salmentaren % 100a jasoko du. Elkarteek ere beraien postua jartzeko aukera izango dute.

 

Gure gizartean hedaturiko hainbat eta hainbat ohiturek Lurra planetaren baliabideen gehiegizko ustiapenarekin zerikusi zuzena dute. Horien artean, kontsumoa bereziki azpimarragarria da. Hala, gizarte iraunkorrago bat lortzeko bidean, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa gertatzen da. Gainera, bizi dugun krisi ekonomikok ere, bestelako erosketa-ohituretan sakontzeko aukera bikaina eskaintzen du. Ondorioz, 2009 urtean ekindako bideari jarraiki, Algorri Zentroak bigarren eskuko azoka antolatuko du, Zumaiako Udalaren ekimenez.

Etxean duenari probetxua atera nahi dionak aukera bikaina du 2. eskuko azoka honetan. Izan ere, produktu bakoitzaren prezioa jabeak berak ezarriko du, eta salduz gero, irabazien % 100a jasoko du. Salgai jarri ahal izango diren produktuak oso anitzak dira: ikus-entzunezkoak, liburuak, pelikulak, CDak, osagarriak, gerrikoak, lepokoak, zapiak, apaingarriak, bazarra, jostailuak, tamaina txikiko tresna elektrikoak... Arropa eta telefono mugikorrak, ordea, ez dira onartuko.

Interesaturiko elkarte edota partikularrentzako informazio gehiago: Algorri Interpretazio Zentroa, 943143100.

Zehaztasunak

AZOKA NOIZ: 2013ko otsailak 2 eta 3, larunbata eta igandea

10:00-14:00 eta 16:00-19:00

AZOKA NON: Zumaiako Alondegia

PRODUKTUAK SALGAI JARTZEKO MODUA: Algorri Zentrora eramanda,

urtarrilaren 17tik 31ra (ostegun, ostiral, larunbat eta igandean).