Otsailaren 21etik aurrera txartela beharrezkoa izango da organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko

2018/02/13

Zumaia azken herria izango da txartelak aktibatzen. Etxeko hondakin handiak ostegunetan 20:00etatik 22:00etara bitartean atera daitezke. Urola Kostako Udal Elkarteak zalantzak argitzeko zerbitzu eta euskarriak jarri ditu herritarren eskura

Hondakinak Biltzeko Sistema Berria ezarpen fasean barneratu da bete betean eta, ostegunetik aurrera Orion, Getarian, Zarautzen eta Zumaian ezarriko da. Beraz, lau herrietan beharrezkoa izango da txartela erabiltzea organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekitzeko -Aian otsailaren 1ean hasi ziren txartela erabiltzen-.

Azken egun hauetan errefusaren eta organikoaren edukiontziak txartel bidez ireki ahal izateko beharrezko lanak egiten ari dira Urola Kosta Udal Elkarteko ingurumen hezitzaileak. Aian jada egin zituzten eta otsailaren 1etik txartela erabiltzen ari dira. Beste lau herrietan otsailaren 15etik aurrera beharko da txartela, herriz herri, egun hauetan: Orion otsailaren 15ean, Getarian otsailaren 16an, Zarautzen otsailaren 19 eta 20an eta Zumaian otsailaren 21ean.

Ontzi arinen, paperaren eta beiraren kasuan edukiontziak orain arte bezala jarraituko dute.

Herritarrak sistema berrira ahalik eta ondoen egokitzeko helburuarekin, Urola Kosta Udal Elkarteko arduradunek jarraian zerrendatzen diren zenbait argibide eta ohar eman dituzte:

  1. Ondo bereiztu hondakinak: etxean hondakinak ondo bereiztu eta bakoitza dagokion edukiontzian uztea ezinbestekoa da gero hondakin horiek birziklatu ahal izateko.
  2. Hondakin organikoak: poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan (plastikozko poltsetan ez) bota.
  3. Hondakin organikoaren edukiontzira (estalki marroia) organikoa bakarrik bota, bestelakorik ez; bestela hondakin horiekin ezin da konposta egin.
  4. Enpresa eta establezimenduentzako puntuz puntuko bilketa: urtarrilaren 22an hasi zen zerbitzua. Hainbat gorabehera izan dira lehen egunetan, bilketen ibilbide eta ordutegietan. Hori dela eta, egokitzapenak eta hainbat aldaketa egin dira.  Establezimenduei eta enpresei, batetik, pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu eta, bestetik eskatu Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren jarraibideak betetzeko.

 

Zalantzak argitzeko baliabideak

Hondakinak Biltzeko Sistema Berriak sor ditzakeen edozein zalantza argitzeko euskarri ezberdinak jarri ditu Urola Kostako Udal Elkarteak herritarren eskura. Alde batetik, argibideak emateko arreta eta informazio zerbitzuak jarri dira bost udalerrietan, astelehenetik larunbatera.

Bestetik, Udal Elkarteko webgunean  hondakinak sailkatzeko hiztegia kontsultatu daiteke, baita eskualdeko postontzi guztietan banatu den hondakinak bereizten laguntzeko esku-orria (http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/hondakinen-hiztegia). Webgunean, gainera, hondakinen bilatzaileari esker (http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/hondakinen-bilatzailea) bilaketa zehatzak egin daitezke hondakin jakin bat nora bota argitzeko zalantza sortzen denean.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den azaroan martxan jarritako “InguruApp” doako aplikazioa ere deskargatu daiteke Play Storetik. Hondakin mota bakoitza non bota behar den zalantza sortzen denean, herritarrek tresna ezberdin horietan egin dezakete kontsulta egoki sailkatzeko.

Azkenik, Hondakinen Sistema Berriaren funtzionamendua herritarrei argitzen dien bideoa ere eskuragarri jarri da Udal Elkarteko webgunean.

 

Kale hezitzaileak

Sistema berriaren inguruan informazio jaso eta aztertzen jarraitzen dihardute kale hezitzaileak. Herritar ororen bitartekari nagusiak dira, bidelagun onenak. Herrietan finkatutako arreta eta informazio zerbitzuetan sortzen diren galderak erantzun eta zalantzak argitzen dituzte.

Horrez gain, sistemaren ezarpenari zuzeneko jarraipena egiten ari dira eta kalean edukiontzien inguruan ibiliko dira herritarrei laguntzen. Enpresa zein komertzio nahiz ostalariei sistemara egokitzen laguntzen ari dira.

Urola Kostako Udal Elkarteko hezitzaile eta langileak laguntzeko egongo dira eta sor daitekeen edozein arazo konpontzen saiatuko dira une oro.

 

Kaleko edukiontziak

Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatzen duen zabor bilketa sistema berriak aldaketak ekarri ditu kaleko edukiontzietan. Hori horrela, kolore hauetako edukiontziak topatuko dituzte herritarrek beren bilketa puntuetan:

  • Marroia - Organikoa

▪   Txartela beharrezkoa

▪   Poltsarik gabe edo poltsa konpostagarrietan

  • Grisa - Errefusa

▪   Txartela beharrezkoa

  • Horia - Ontzi arinak

▪   Ez da txartelik behar, zabalik daude

  • Urdina - Papera eta kartoia

▪   Ez da txartelik behar, zabalik daude

  • Berdea - Beira

▪   Ez da txartelik behar, zabalik daude

 

Etxeko hondakin handiak

Hondakinak Biltzeko Zerbitzu berriarekin batera, astean behin jasoko dira etxeko hondakin handiak. Edukiontzien eremuetan utzi behar dira, 20:00etatik 22:00etara, eta herri bakoitzak bere eguna izango du: Aian, igandean, Getarian, astelehenean; Orion, asteartean; Zarautzen, asteazkenean; eta Zumaian, ostegunean.

Hondakin handi gisa hartzen dira tresna eta altzariak, bestela esanda, etxebizitza berri edo aldatzearen ondorioz herritarrek baztertzen dituzten etxeko altzariak eta ekipamenduak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, informatika eta telekomunikazio ekipoak edota erabili ezin diren etxeko bestelako tresnak).