Otsailaren 7an jarriko dira salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirako sarrerak

2019/02/01

GO!AZEN antzezlanerako sarreren internet bidezko salmentak izan duen arrakasta ikusirik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirako sarrerak ere internet bidez erosteko aukera izango da. Internet bidezko salmenta, otsailaren 7an, 19:00etan hasiko da, baina aurrez aurre erosteko aukera ere izango da, 7 arratsaldean Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, eta 8an goizean Alondegiko bulegoetan. 9tik aurrera Turismo Bulegoan salduko dira.

Martxoaren 4ean, astelehena, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Musua” ikuskizunaren bi saio eskainiko dira Zumaienan, lehenengoa 15:00etan eta bigarrena  17:30ean eta emanaldi hauetarako sarrerak, otsailaren 7an jarriko dira salgai.

GO!AZEN antzezlanerako sarreren internet bidezko salmentak izan duen arrakasta ikusirik, emanaldi hauetarako sarrerak ere internet bidez erosteko aukera izango da. GO!AZEN antzezlanaren 17:00etako saiorako internet bidez salgai jarritako sarrerak, igandean amaitu ziren, baina 19:00etako saiorako sarrerak salgai daude oraindik, bai internet bidez baita aurrez aurre ere.

Pirritx Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaren saio bakoitzeko, 300 sarrera jarriko dira salgai internet bidez eta beste hainbeste aurrez aurreko salmentan. Sarrerak 6 eurotan salduko dira eta pertsona bakoitzak 6 sarrera eros ditzake gehienez. Aurrez aurreko salmenta Alondegia kultur etxean egingo da hasiera batean:  otsailaren 7an, 17:00etatik 18:30era Oxford aretoan, eta otsailaren 8an berriz, 11:00etatik 13:00etara Alondegia kultur etxeko lehenengo pisuko bulegoetan. Hortik aurrera, Turismo Bulegoan salduko dira sarrerak ohi bezala, otsailaren 9an hasita, ohiko ordutegian. Internet bidez, berriz, otsailaren 7an 19:00etatik aurrera izango da sarrerak erosteko aukera, www.entradium.com webgunearen bitartez. Internet bidez erositako sarrerak ikuskizunera inprimatuta eramatea beharrezkoa izango da.