Oxido, umore garratzeko mikroteatro saioa, otsailaren 17an Zumaian

2018/02/06

Datorren hilaren 17an Pez Limbo antzerki konpainiaren Oxido izeneko obra berriaren saio bikoitza eskainiko da Alondegian, 20:00etan lehena, euskaraz eta 22:00etan, bigarrena, gazteleraz. Antzerki saio horrek, mikroteatro formatua izango du eta 3 antzezlan laburretan banatuta eskainiko da. Berezitasun nagusia, ordea, antzezlanen eszenatokia izango da, izan ere, hiru esketxak Alondegiako espazio ezberdinetan eskainiko baitira.

Nola da hori?

Esan bezala, 2 saio eskainiko dira, euskaraz bata eta gazteleraz bestea eta bakoitza 3 antzezlan laburrez osaturik egongo da. Saioko gehienez 80 ikusle egon ahal izango dira eta, talde txikitan banatuta, guztiek izango dute 3 antzezlanak ikusteko aukera, haur liburutegian bata, ganbaran bestea eta Oxford aretoan azkena. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da garaiz iristea. 

Sarrerak turismo bulegoan egongo dira salgai 6€tan. Gazte txartela dutenentzat salneurria 4€koa izango da.

Umore garratza ardatz

Oxido deituriko antzezlanean protagonistak ez ohiko egoerei eta bizitzako zentzugabekeriei egiten diete aurre. Eta hain zuzen norberaren existentziari aurre egiteko duten modu bereziak egiten dute antzezlana zeharo desberdin zein dibertigarria.

3 antzezlan laburren bitartez, hiru egoera desberdin irudikatuko dituzte, non pertsonaien eta egungo gizarteko erlazioen “oxido” kutsu hori islatuko duten.

Eta hori guztiari umore garratza eta ikusleekiko gertutasuna gehitu behar zaizkio, zalantzarik gabe, emanaldi berezi zein erakargarria osatuz.