'Aurrekontu herritarren' prozesuko proposamenen ia erdiak hasiak edo datozen hilabeetarako egingarritzat jo ditu Udalak

2010/03/12

100 proposamen jaso ditu Udalak aurtengo prozesutik. Horietatik %46,94a jada hasiak edo datozen hilabeteetarako egingarritzat jo dira, %22,55a jada eginda dauden gisan, eta %10,20koa, arrazoi ezberdinak tarteko, Udalak egingo ez dituen proposamenak izango dira.

 

Zumaiako Udalak bigarren urtez egin den parte-hartzean oinarritutako aurrekontuen erantzunak prestatu ditu prozesuan parte hartu duten herritarrentzako. Udalaren ustez, herritarren parte-hartzearen gaineko oinarri sendoak eraikitzeaz batera, herritarron beharrizanak identifikatzeko oso baliagarriak izan da aurtengo prozesua ere. 93 pertsona inguruk parte hartu dute prozesuan eta guztien artean, 100 proposamen inguru jaso dira.

Aurten, gainera, herritarren parte-hartzea bilatzearekin batera, politikarien eta udal teknikarien parte-hartzea ere bilatu du Udalak. Teknikarien inplikazioa prozesuan “oso ona” izan da Udalaren arabera, eta politikariena berriz “hobetzeko modukoa”.

Egitasmoaren bidez, Udaleko aurrekontuetan herritarren proposamenak modu “naturalean” txertatzea lortu nahi du udal gobernuak, “herritarrekin harreman iraunkorra mantenduz eta herritarren helburuak geure eginez”.

Proposamenak portzentajetan

Aurten jasotako proposamenen zerrendatik, ia erdiak jada hasiak edo datozen hilabeteetarako egingarritzat jo ditu Udalak, proposamenen %46,94 hain zuzen. Ildo beretik, %27,55ekoa da proposamenen zerrendatik jada eginda dauden eta lehendik egiten diren lanen portzentajea. Arrazoi desberdinak tarteko egingo ez direnak, berriz, proposamenen zerrendatik %10,20 izango dira eta gainontzekoen kasuan, azterketa sakonagoa behar dute Udalaren ustez, %11,40koa da multzo hori.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie aurrekontuen prozesu honetan parte hartu duten guztiei: “Horrekin batera, nola ez, hurrengo urteetako egitasmoetan parte-hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, herritar, eragile, teknikari eta politikari guztiak”.

Datozen asteotan jasoko dituzte aurtengo prozesuan parte hartu duten herritarrek gutunak etxeetan. Eskutitz horien bidez, eskerrak emango zaizkie batetik eta ildo beretik, eurek egindako proposamenen inguruan Udalaren erantzunak helaraziko zaizkie.

Udalak prestatuko dokumentua webgune honetan ere kontsultatu daiteke, hemen.