Paul Urkijoren 'Hiru olatuak' filma Zumaian grabatuko dute egunotan

2026/10/27

Asteazkenetik ostiralera bitartean hainbat grabaketa egingo dituzte herrian. Batik bat, Erribera kaleko 4. zenbakian eta Talaipen arituko dira filmaketa lanak egiten, eta ekoizpen taldeak hainbat espazio publiko erabiliko ditu grabaketen prestaketarako.

Paul Urkijo zinemagilearen Hiru olatuak filmaren grabaketa lanak Zumaian egingo dituzte aste honetan. Bihartik ostiralera artean izango dira herriann. Ekoizpen taldeak, gainera, herriko hainbat espazio erabiliko ditu grabaketen prestaketarako.

Grabaketak Talaipe zaharrean eta Erribera kaleko 4. zenbakian egingo dituzte. Talaipe zaharrean urriaren 28an aurreikusi dute filmatzea, 12:00etatik 22:00etara. Erribera kalean, berriz, urriaren 29an eta 30ean egingo dituzte grabaketa-lanak, hilaren 29an 10:30etik 20:30era eta hilaren 30ean 09:00etatik 19:00etara.

Ekoizpen taldeak, berriz, Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko du ibilgailuen flota, eta Ignacio Zuloaga enparantzan talde elektrogenoa jarriko dute. Horrez gain, Torreberri gaztetxeko hainbat espazio erabiliko dituzte taldearen laguntza lanetarako.

Hiru olatuak filmak Isaacen istorioa kontatzen du. 40 urteko gizona aitaren heriotzaren inguruko amesgaiztoek eta obsesioek oinazetuta bizi da. Itsasoko sorginei eta arrantzaleei lotutako euskal kondaira zahar batek iragana aurrez aurre jartzera eramango du, eta familiaren, beldurren eta obsesioaren arteko gatazkan murgilduko da. Filmak euskal mitologian eta itsas kondairetan du abiapuntua, eta euskaraz filmatuko dute.