Pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratutako enpresa kudeaketa ikastaroa antolatu du Udal Elkarteak

2018/10/08

“Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema” egitasmoaren baitan, Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaro berri bat jarri du martxan. Hain zuzen ere, pertsona ekintzaileei edota mikroenpresetako enpresariei bideratutako enpresa kudeaketa orokorrari buruzko ikastaroa da.

Ikastaroaren helburu nagusia da ekintzaile nahiz enpresariei beren ideia edota enpresei buruzko  hausnarketa sustatzea. Aldi berean, kudeaketa eraginkorrago bat lortzeko bidean, hainbat erreminta eskainiko zaizkie parte hartzaileei.

Guztira, 20 orduko prestakuntza eskainiko da  Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian Zehazki, astebeteko iraupena izango du ikastaroak; urriaren 15etik 19ra bitartean. Goizez,  09:00etatik 13:00etara, 4 orduko 5 saiotan antolatu da ikastaroa. Saio bakoitzean prestakuntza-modulu bat eskainiko denez, aukera izango da ikastaro osoa egiteaz gain,  moduluka izen emateko.

Hona hemen prestakuntza ikastaroaren gaitegia, saioz saio:

  • 1. saioa: Negozio plana. Zer da eta zertarako balio du? Planifikazioaren garrantzia eta jardueraren antolakuntza eraginkorra.
  • 2. saioa: Jardueraren kudeaketa eta kontrol ekonomikoa egiteko erremintak.
  • 3.saioa: Forma juridikoak eta eratzeko izapideak.
  • 4.saioa: Lan arloa. Autonomoen erregimen berezia. Erabiltzen diren dokumentuak.
  • 5.saioa: Ogasunarekiko betekizunak: BEZ eta PFEZ.

Aipatutako arloei buruzko azalpen teorikoez gain, bakarkako ariketa eta taldekako lanen bitartez osatuko da prestakuntza-ibilbidea.

Informazioa eta izen-ematea: 
Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi iezaguzu e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

Urola Kostako Udal Elkartea 
Enpresa Sustapena (Maider Ibarbia)
Tel. 943 890808

enpresasustapena@urolakosta.eus

www.ekiten.org

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eta babesa jaso du "Enpresak Sortu eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren» baitan (2017ko deialdia, GAO, 2017-07-04, 127 zk).

 

Ikastaro aukera anitza

Oraindik ere, irekita dago izen-ematea Kultura eta Sormen Industrien arloko pertsona, enpresa eta profesionalentzat bideratutako prestakuntza ikastaroetako bitan. Hain zuzen ere; ondorengo hauetan:

 

  • Jarduera legeztatzeko izapideak eta Foru- Ogasuna eta Gizarte- Segurantzarekiko betebeharrak: Urriak 15 eta 16
  • Sormen egitasmoak lankidetzan garatzeko estrategiak: Urriak 29 eta 30

Ikastaro horietako bakoitzak 12 orduko iraupena izango du; 2 egunez jarraian egingo diren 6 orduko saioetan banatuta. Kasu honetan, ikastaroak arratsaldez eskainiko dira: 14:00etatik 20:00etara.