Pirritx eta Porrotxen emanaldirako sarrerak urtarrilaren 30ean jarriko dira salgai

2018/01/26

Interesdunek Oxford aretoan eta Aitzuri pilotalekuan erosi ahal izango dituzte sarrerak. Bakoitzak 6€ balioko ditu eta gehienez, pertsonako 6 erosi ahal izango dira.

Datorren otsailaren 12an Pirritx eta Porrotx Zumaian izango dira etxeko txikienei zuzendutako emanaldia eskaintzeko.

Pailazoek umeen artean duten arrakasta ikusirik, Udalak urtero bezala bi emanaldi antolatu ditu Maria eta Jose antzokian, 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena.  

Herritarrak leheneste aldera, aurten ere, sarreren salmenta presentziala izango da eta iaz bezala, bi salmenta puntu mantenduko dira, Oxford aretoan bata eta Aitzuri pilotalekuan, bestea, hain zuzen. Horrenbestez, datorren asteartean, hilaren 30ean, interesdunek bi kokaleku horietan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak arratsaldeko 17:00etatik 18:30era bitartean. Sarrerak 6€ balioko ditu eta gehienez, pertsonako 6 erosi ahal izango dira.

Guztira 1200 sarrera egongo dira salgai, 600 emanaldi bakoitzerako. Azken 10 urteetan inoiz ez dira guztiak agortu, horrenbestez, salmenta egunari begira, lasaitasun mezua helarazi du Udaleko kultura sailak eta jende ilarak osatzeko beharrik ez dagoela adierazi du, guztientzat adina sarrera baitaude.

Lehen egunaren ondoren, hilaren 31n, asteazkenean, Alondegia kultur etxean erosi ahal izango dira salgai gelditzen diren sarrerak. Ordutegia 11:00-13:00 eta 17:00-18:30 bitartean izango da. Ondoren sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri, otsailaren 11a arte.