Plan Estrategikoa aurkeztuko da ostegunean, hilak 15, 19:00etan Alondegian
'Biharko Zumaiara Boga 2015-2025 Plan estrategikoa aurkeztuko die Udalak herritarrei ostegunean. Herritarren parte hartzerako pauso bat gehiago eman da, eta 96 herritarrei parte hartzeko gonbita egingo die Udalak.
Egunerokotasunetik begirada jaso eta epe ertain-luzeko ikuspegiarekin lan egin nahi du Zumaiako Udalak eta horregatik abiatu du Biharko Zumaiara Boga 2015-2025 Plan Estrategikoa. Etorkizuneko herri-eredua zehazteko hausnarketa-prozesua abiatu nahi da eta 2015-2025 epealdian Udalak. Gaurko aurkezpenean Jon Iraola zinegotziak azaldu duenez "ezinbestekoa da hausnartu eta herriari, denon artean, norabide bat ematea, eta denok batera helburu berari begira arraun egitea. Hala, ordezkari politiko, udal teknikari eta herritarrek elkarlanean osatutako plana osatzea dugu helburu". Bide horretan, prentsari aurkeztu ostean, Plan Estrategikoaren nondik norakoak herritarrei azaltzeari ekingo diote. Hori, datorren ostegunean, hilak 15, 19:00etan Alondegian egingo dute.
Iraolak azaldu du prozesua aurreko legegintzaldiarekin batera hasi zela eta 2015eko ekainera bitartean Zumaiako errealitatearen lehen argazkia dela, egoeraren aurre-diagnosia eginez. "Udal-hauteskundeen ondoren, Udaleko gobernu-talde berriak proiektua berraztertzen jardun du eta egindako lan horretatik abiatuz, diagnostiko hori herritarrekin, udaleko teknikariekin eta ordezkari politikoekin osatzea izango da lehenbiziko urratsa", jarraitu du. Lan hori aurtengo urtearen amaiera bitarte egingo da. Ondoren, 2016ko lehen sei hilekoan, diagnostiko horretatik abiatuta erronkak eta ekintzak proposatuko dira. Prozesua 2016ko ekainerako bukatuko da.
Parte hartze modu berriak
Gotzon Embil zinegotziak aipatu du Udalak garrantzia ematen diola "etorkizuneko eszenatoki hori herritarrekin pentsatu eta diseinatzeari"; horregatik, prozesuan herritarrak inplikatzea lortu nahi da, beraien iritziak, ekarpenak eta ideiak jaso, etorkizuneko Zumaia irudikatu eta eraikitzeko.
Herritarren partaidetza sustatzeko ohiko komunikazio-kanalak erabiliko dira herritarrak saioetara gonbidatuz: Udaleko webgunean prozesuaren inguruko informazioa zintzilikatuko da, udaleko sare sozialen bidez ere deialdien berri emango da eta kartelak jarriko dira herrian. "Baina, alor honetan urrats bat harago eman nahi izan dugu eta herritar bezala parte hartzeko dugun eskubidea aitortuz, herritar bezala ditugun betebeharrak ere mahai gainean jarri nahi izan ditugu, eta etorkizuneko herri-eredua zehazteko garaian, herritarrek duten erantzukizuna azpimarratu nahi dugu", gaineratu du Embilek.
Horregatik, Zumaian bizi diren herritar guztien artean zozketa egin da eta ausaz 96 lagun hautatuak izan dira prozesuan parte hartzeko. Herritar horiei prozesuan parte hartzeko eskatuko die Udalak, herritarren artean parte hartzeko kultura sustatu asmoz. Zozketa egina dago eta herritarrak, aldagai jakin batzuk kontuan hartuta (adin-tarte ezberdinak, sexua, auzoa…) hautatuta daude. Orain, aste honetan, harremanetan jarriko dira postaz eta telefonoz. Mezua hauxe da: herritar orok egin dezakela bere ekarpena, bakoitzak bere esperientzia eta bizipenetatik, eta herritar bezala dugun erantzukizunetik parte hartzeko gonbitea egiten diela Udalak. Herritar horiekin batera, alor edo esparru bakoitzeko eragile eta pertsona adituak ere gonbidatuko dira lan saioetara.
Baina Embilek azpimarratu nahi izan du saioak irekiak izango direla bestelako herritarrentzako ere; "hori bai, pertsona kopurua kudeatzeko helburuarekin izena emateko epea zabaldu dugu"; horregatik, aldez aurretik izena ematea komeni da, honako telefonora deituta 943 36 30 40 (luzapena 509) edo helbide honetara idatzita i.aldekoa@elhuyar.com.
Udal ordezkariak, herritarrak eta udal teknikariak elkarlanean
Josune Herrarte eta Esti Irureta izan dira prentsaurrean Udaleko teknikarien ordezkariak. Herrarteren hitzetan, !3 hanka edo zutabe izango ditu prozesuak: politikariena, teknikariena eta herritarrena. Munta honetako gogoeta estrategiko batek, ezinbestean, hiru hanka horiek behar ditu, bakoitzak bere bizipen eta jakintza-arlotik ekarpen desberdina egin dezakeelako, guztiz osagarriak direnak".
Udal-departamentuetan hainbat dira egin diren plangintza estrategikoak: euskara alorrean, berdintasunean….., eta alor bakoitzeko plangintza espezifikoak beharrezkotzat jotzen ditu Udalak, baina ikuspegi globala eta integrala jasoko duen Plangintza ere beharrezkoa dela azpimarratu dute teknikariek. Herrartek beharrezkotzat jo du "ikuspegi bateratua landu, Udaletik sustatzen dugun guztiari koherentzia bat emateko".
Plan honetan bere pisua izango du ekonomiaren garapenak. Betidanik industriak paper garrantzitsua jokatu du Zumaian, baina azken hamarkadan turismoak indar handia hartu du. "Turismoaren garapenak, ostalaritza eta merkataritza sektorean eragin positiboa izan du eta nekazaritzari aukera berriak zabaldu zaizkio. Herriko ekonomiaren dibertsifikazioa indartzen lagunduko du plan honek, beti ere, eredu jasangarria oinarri izanik. Bisitarientzat hain erakargarriak diren altxor naturalak zaintzeko ingurumenarekiko sentsibilizazioa barneratuta dago orokorrean, baina jarduera horrek, sozialki ere jasangarria izan behar du, horregatik da garrantzitsua herritarren iritzia jasotzea eta plan honek aukera hori ere emango digu", azaldu du Iruretak.
Plan Estrategikoa osatzeko prozedura
Plan Estrategikoa garatzeko prozesua Elhuyar enpresarekin egingo du Zumaiako Udalak. Hala, Idoia Aldekoa Elhuyarreko koordinatzaileak azadu duenez hiru fase nagusi izango ditu prozesuak.
• Diagnostiko fasea (urte bukaera bitartean gauzatuko dena). Zumaiako diagnostikoa egitea, hau da, gaur egun Zumaia nola ikusten duten zehaztea.
• Plangintzaren fasea (2016ko urtarrila-apirila bitartean gauzatuko dena). herritar, aditu eta eragileek etorkizuneko Zumaia irudikatzea eta egoera hori lortzeko estrategiak, proiektuak eta ekimenak proposatzea.
• Itzulera fasea (2016ko maiatzean izango dena).Egindakoa sozializatu eta herriaren eskura jartzeko unea.
Diagnostiko fasea (abendura bitartean):
Diagnostiko fasearen helburua hauxe da: herritar, aditu eta eragileek Zumaiako diagnostikoa egitea, hau da, gaur egun Zumaia nola ikusten duten zehaztea.
• Nolakoa da gure herria, Zumaia? Nola definituko zenuke labur-labur edo zer ezaugarri nagusi ditu?
• Zer gustatzen zaizu gaur egungo Zumaiatik? Eta zer ez?
• Zerk kezkatzen zaitu Zumaiatik?
Gogoeta errazteko, lau lan-arlotan banatu da eztabaida: lurralde antolamendua (hirigintza, etxebizitzak, obra publikoak…); garapen sozioekonomikoa (turismoa, enplegua, ekonomia…); zerbitzu eta ekipamenduak; eta elkarbizitza eta herrigintza (aniztasuna, berdintasuna, euskara, kultura…);
Fase honetan, arlo bakoitzak saio bat egingo du, nahiz eta arlo jakinetan, garapen ekonomikoa eta lurralde-antolamenduan, adibidez, saio bat adituekin egitea erabaki den eta bestea herritarrekin. Ondoren, arlokako saio guztiak bukatzen direnean, abenduan, saio bateratu bat egingo dugu, arlo guztietako eragile eta herritarrak bilduz.
Lurralde-antolamendua (adituak)
Urriak 21, 19:00-21:00
Arranpla gela
Garapen ekonomikoa (adituak)
Urriak 28, 19:00-21:00
Arranpla gela
Garapen ekonomikoa (herritarrak)
Azaroak 2, 19:00-21:00
Oxford
Zerbitzuak eta ekipamenduak (herritarrak+adituak)
Azaroak 4, 19:00-21:00
Hogarren
Herrigintza eta elkarbizitza (herritarrak+adituak)
Azaroak 9, 19:00-21:00
Hogarren
Lurralde-antolamendua (herritarrak)alde
Azaroak 11, 19:00-21:00
Brankan



