Poltsa konpostagarririk ez da banatuko eta ontzi zulodunak ontzi itxiekin ordezkatuko dira
Zumaian, ontzi irekiak itxiengatik aldatzeko postuak abenduaren 18an (asteartea) 16:30etatik 18:30etara beheko plazan eta abenduaren 20an (osteguna) 11:00etatik 13:00etara Amaiako Plazan izango dira.
Urola Kostako Udal Elkarteak 2008an jarri zuen abian 5. edukiontzia Zarautzen eta Zumaian, etxeko hondakin organikoak bereiz jasotzeko. 2010eko ekainaz geroztik eskualdeko bost herrietan jasotzen dira hondakin organikoak edukiontzi marroiaren bidez.
Hona hemen gaur egungo egoeraren zenbait datu:
- 142 edukiontzi daude jarrita eskualdean: Aian 7, Getarian 10, Orion 15, Zarautzen 78 eta Zumaian 32.
- Zenbat familia: 10.531 familiak dute 5. edukiontzia erabiltzeko giltza eskualdean.
- Jasotako hondakin organikoen kopurua: 2011n 621.527 kilo jaso ziren eta 2012an (urtarriletik urrira) 1.230.340 kilo.
Parte hartzen duten familiek ontzi txiki bat, giltza eta poltsa konpostagarriak jaso dituzte orain arte doan, Udal Elkartearen eskutik. Udal Elkarteak eta udalek ahalegin handia egin dute orain arte zerbitzua abian jarri eta sendotzeko. Adibide, gisa, 2012an doan banatutako poltsa konpostagarrien kostua 70.000 euro ingurukoa izango da.
Poltsak
Krisi ekonomikoaren ondorioz udalek eta Udal Elkarteak jasan dituzten murrizketak kontuan hartuta, Udal Elkarteak zerbitzu horretan hainbat aldaketa egingo ditu. Izan ere, poltsak doan banatzeak, gaurko erabiltzaileen kopurua aintzat hartuta, 168.000 euro inguruko gastua ekarriko lioke Udal Elkarteari 2013an. Beraz, Udal Elkarteak erabaki du 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera poltsa konpostagarririk ez banatzea.
Ondorioz, herritarrek hiru aukera hauek dituzte etxeko hondakin organikoak kaleko edukiontzi marroian husteko:
- Hondakinak kubo itxian garraiatu eta edukiontzi marroian hustu. Horretarako Udal Elkarteak ontzi itxiak banatuko ditu.
- Hondakinak plastikozko poltsa batean garraiatu, hondakinak edukiontzi marroian hustu eta, ondoren, plastikozko poltsa edukiontzi horira bota.
- Poltsa konpostagarriak saltokiren batean erosi eta orain arte bezala poltsa edukiontzira bota.
Ontzi itxiak
Goiko lehen aukera hautatuz gero, ontzi itxia eduki behar da etxean. Orain arte, kasu batzuetan ontzi zulodunak banatu dira eta, ondorioz, Udal Elkarteak ontziak aldatuko dizkie ontzi zuloduna duten herritarrei. Honako leku, egun eta orduetan banatuko dira ontzi itxiak:
Aia:
Abenduak 13 (osteguna), 16:30-19:00, Kultur Etxean.
Getaria:
Abenduaren 17an (astelehena), Alondegian, 17:00-19:00
Orio:
Abenduak 13 (osteguna), 10:00-12:00 eta 16:30-18:30, Udaletxeko atarian.
Zarautz:
Abenduak 15 (larunbata), 10:30-13:30, Udaletxe zaharreko atarian.
Abenduak 17 (astelehena), 16:30-19:30, Esne makinaren ondoan.
Zumaia:
Abenduak 18 (asteartea), 16:30-18:30, Beheko plazan.
Abenduak 20 (osteguna), 11:00-13:00, Amaia plazan.
Ontzi itxia eskuratzeko lehen banatutako ontzi zuloduna itzuli behar zaio Udal Elkarteari (banaketa egunean).
Poltsa konpostagarriak
Herritarrek hirugarren bidea aukeratu eta poltsa konpostagarriak erostea erabakitzen badute, hona hemen poltsa horiek izan behar dituzten ezaugarriak:
Zaku formako poltsa. Neurria, gutxi gorabehera: 43 x 48 cm
Poltsa konpostagarria, UNE-EN 13432 arauaren arabera egina eta ziurtatua bi marka hauetakoren batekin:
- AIB-VINÇOTTE erakundearen “OK Compost” marka
- DIN CERTCO erakundearen “compostable” marka
Udal Elkartea zabor-poltsak saltzen dituzten eskualdeko dendekin harremanetan jarriko da, poltsa konpostagarrien inguruko informazioa eskaintzeko, herritarrek poltsa horiek erosteko zailtasunik izan ez dezaten.



