Puntanoeta auzoan etxebizitzak egiteko obra baimena udazkenerako prest izatea aurreikusten du Zumaia Lantzenek
Erakundeak eraikiko dituen 101 Babes Ofizialeko Etxebizitzek eta 47 tasatuek behin-behineko kalifikazioa jaso eta obra baimena lortu ondoren egingo da etxebizitzen zozketa.
Ezarritako epe legalak ustekabekorik gabe betez gero, Puntanoeta auzoan etxebizitza gehiago egiteko obra baimena udazkenean prest izatea aurreikusten du Zumaia Lantzenek. Izan ere, prozeduraren baitako dokumentazio guztia ari da prestatzen orain erakundea. Urbanizazio Proiektua dagoeneko zehaztuta dute, eta Errepartzelazioa eta Urbanizatzeko Jarduketa Programa osatzen ari dira orain. Behin hiru dokumentuak prest daudenean jendaurrean ipiniko dira eta onarpena jaso eta tramitazio legal guztia garatu ondoren eskatu ahal izango du etxebizitzak eraiki ahal izateko obra baimena Zumaia Lantzenek.
Zozketa aurrerago
Erakundeak eraikiko dituen 101 Babes Ofizialeko Etxebizitzek eta 47 tasatuek behin-behineko kalifikazioa jaso ondoren egingo da etxebizitzen zozketa. Jakitera eman dutenez, etxebizitza tasatuetatik hasiko dira eraikitzen, eta 47 tasatuak eta babes ofizialeko 12 etxebizitza eraikiko dituzte lehendabizi. Horren ondoren egingo dituzte babes ofizialeko etxebizitzen beste bi blokeak.
Dena ondo bidean, udazken aldera, obra baimena eta lanak esleituta izatea aurreikusten du Zumaia Lantzenek. Behin baimen guztiak lortzen direnean irekiko dira zerrendak eta orduan jakinaraziko da zozketako data zehatza zein izango den.
Zumaia Zu aldizkariaren abenduko zenbakian dator promozio honi buruzko informazio gehiago.



