'PuntuEus: abizen egokiaren garrantzia' hitzaldiarekin emango zaio hasiera 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloari

2015/02/25

Josu Waliño zumaiarraren hitzaldiarekin emango zaio hasiera aurtengo hitzaldi zikloari. Gaur, 18:30etatik aurrera Alondegiko Oxford aretoan izango da saioa.

 

Josu Waliño: 'PuntuEUS domeinua: abizen egokiaren garrantzia': Urte askotako lanaren ondoren 2014ko Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldu zen .EUS domeinua mundu guztiarentzat. PuntuEUS domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Interneteko ohiko domeinuek ez bezala, PuntuEUS domeinuak berezko esanahia duelako:  Euskara eta euskal  kulturaren komunitatea Interneten ordezkatu eta indartuko duen abizen egokia. Finean, .EUS horixe baita: Interneten bereizten gaituen puntua.

 

Datozen hitzaldiak: 

 

Martxoaren 4an Lorea Agirre etorriko da Zumaiara 'Hizkuntza eta kulturaren garraio, bidegorriak' izenburuarekin bere hitzaldia eskaintzera:

 

Egoera minorizatuan dagoen hizkuntza eta kulturako bateko kide gara. Normalizazio bideak urratzen ari dena. Hori da dena. Horrek markatzen du abiapuntua erantzun bila joateko. Baina aurretik galderak egin behar dizkiogu geure buruari:  Gu ere minorizatuta ote gaude horratio? Ba al gara nor? Baina nor gara? Euskal, vasco, basque? Zer esan nahi dugu euskara diogunean? Ze ari gara esaten euskaraz ari garenean? Zertarako halako tema hizkuntzarekin? Eta erdigunean jarriko bagenu, zer? Eta nor izan? Eta nor izateko pentsamendua eta praktika landuko bagenitu? Eta zergatik? Eta nola?

 

 

Martxoaren 11n, iñaki Markoren eskutik 'Ekolingua saioa Zumaian' hitzaldia eta mahai-ingurua izango da.

Otsailaren 11n Ekolingua izeneko jokoaren saio bat egin zen Zumaiako Marina Berri jatetxean. Joko horren nondik norakoak azalduko ditu Markok, nola sortu zen, nondik datorren, non egin diren esperientziak… eta sarrera txiki baten ondoren Zumaiako saioan dinamizatzaile izan zirenekin mahai-inguru bat egingo da eta bertan Zumaian egindako saioaren berri emango da. 

 

Eta azkenik, Iñaki Iurrebasok emango du bere hitzaldia, martxoaren 17an, 'Herri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa EAEn, 1981-2011'.

 

EUSTATen datuetan oinarrituta, udalerri euskaldunetan azken 30 urteotan izandako bilakaera soziolinguistikoa aztertuko da, joera orokorrak deskribatuz. Era berean, datu horiek Zumaiako bilakaerari buruz zer dioten ere aztertuko du.