Raul Garcia Castanek eta Oihana Kortazarrek irabazi dute Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketa

2009/07/27

Lehenengo zumaiarrak Pedro Etxeberria eta Leire Atxutegi izan dira. Lasterketa hasi aurretik antolatzaileek Patxi Usobiaga eskalatzailea omendu zuten, Iñaki Agirrezabalaga alkateak oroigarri bat eskaini zion.

 

Giro ederrean ospatu zen atzo, igandea, Zumaiako I. Flysch Trail mendi lasterketa. 260 lasterkarik hartu zuten parte eta nagusitasun handiz, Raul Garcia Castan atleta izan zen, gizonezkoetan lasterketako irabazlea 1:54:31 denbora eginda. Garcia Castan munduko azpitxapelduna izan zen 2005ean eta azken lau urtean Espainiako txapelduna izan da. Bigarren eta hirugarren sailkatu ziren Zigor Ezpeleta arrasatearra eta Aitor Osa txirrindulari profesional ohia. Elkarri eskua emanda eta irribarretsu iritsi ziren helmugara.

Emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar izan zen aurrena eta Nerea Amilibia eta Eva Esnaola sailkatu ziren ondoren. Kortazar 2:22:18ko denbora eginda bukatu zuen lasterketa.

Lehenengo zumaiarra, Pedro Etxeberria izan zen gizonezkoetan  eta emakumezkoetan Leire Atxutegi. Etxeberria seigarrrena izan da sailkapen orokorrean, eta Atxutegi 117. postuan sailkatu zen.

 

Mendi lasterketa1

Lasterkari guztien sailkapen orokorra dagoeneko argitaratuta dago www.herrikrossa.com helbidean. Bertan daude, baita ere, lasterkari guztien denborak.

10:00etan abiatu zen lasterketa eta ibilbideak osatzen zituen 27 kilometroak giro onean egin zituzten lasterkariek, egun eguzkitsua atera zen eta bero apur bat ere nabariko zuten segur aski. Antolatzaileak ere gustura lehenengo edizio honen balorazioa egiterako orduan.


Patxi Usobiagari omenaldia

Lasterketa aurretik Patxi Usobiaga eskalatzaileak omenaldia jaso zuen. Txinako Xiing hirian jokatu berri den Zailtasun Handiko Eskaladako Munduko Txapelketako irabazlea izan den aparteko eskalatzaile honi aurreskua dantzatu zioten eta Iñaki Agirrezabalaga alkateak eskultura bat oparitu zion egindako lanaren errekonozimendu gisa. 

 

Mendi lasterketa2


Aspanovas elkarteari laguntza

Zumaiako I. Flysch Trail lasterketak bere funtzio soziala ere bete zuen. Izen-emate eta diru-laguntzetatik jasotako dirua, Aspanovas (minbizia duten haurren gurasoen elkartea) elkarteari emango baitzaio.

 

Informazio gehiago mendi lasterketaren webgunean, www.zumaiaflyschtrail.com-en.